Zerga esleipena. 100eko 0,7ko funtsa. Interes sozialeko beste xede batzuk

 PFEZaren urteko aitorpena egitean, zergadunek hautua egiteko aukera dute: beren kuota osoaren %0,7 ematea eliza katolikoari diruz laguntzeko eta/edo interes sozialeko beste xede batzuetarako. 

Horretarako, beren hautua adierazi beharko dute aitorpeneko inprimakietan datorren laukitxoan markatuz. 
Hautaketa hori eginez, zerga esleipenari buruz zernahi erabakita ere, ez da aldatuko norberak ordaindu behar duen edo itzulkin gisara jasotzeko eskubidea duen kopurua; beraz, hori egiteak ez dakar inola ere gehiago ordaindu beharra edo gutxiago jasotzea itzultzekoa ateratzen bazaio. 
Dauden lau aukera desberdinetatik, honako hauen artean hauta daiteke:

• Bakarrik "Eliza Katolikoaren sostengurako laguntza" laukitxoa markatzea, era horretan erakunde horri diru-laguntza emanez.
• Bakarrik "Interes sozialeko beste xede batzuetarako" laukitxoa markatzea, eta xede horiek lortzen laguntzea Nafarroako gobernuz kanpoko elkarte eta erakundeen (GKE) programen bitartez: osasun laguntzakoak, nazioarteko garapenerako lankidetzakoak, prestaziorik gabeko langabeei arreta ematekoak, ingurumena hobetzekoak eta autonomia pertsonalaren sostengu eta garapen jarduketei lotutakoak. Aitortzaileek atal honetan esleitzen duten kopuru osoa gobernuz kanpoko erakunde guztien artean banatzen da, proiektu edo programa zehatzak finantzatzeko konbokatzen diren diru-laguntza deialdi publikoen bitartez; ez da izaten erakunde horien egitura edo funtzionamendurako. 
• Bi aukerak hautatzea, bi laukitxoak markatuz. Hori egitean, kuota osoaren %0,7 bi zatitan banatzen da, eta haietako bat, haren erdi bat (%0,35) eliza katolikoari diruz laguntzeko erabiltzen da, eta beste erdia (gainerako %0,35) beste xede batzuetarako, Nafarroako gobernuz kanpoko erakundeen bitartez.
• Bi laukitxo horietako bakar bat ere ez markatzea. Kasu honetan ulertuko da zergadunak ez duela PFEZko bere kuota osoaren %0,7 bereziki deusetarako esleitzen, eta kopuru hori sartuko da Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, Foru Komunitatearen xede orokorretarako, berariazko atxikipenik gabe.

Zein araudik arautzen du?

Nafarroan, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak arautzen du PFEZko kuota osoaren 100eko 0,7ko zerga-esleipena gizarte intereseko beste xede batzuetarako erabiltzeari dagokiona, Foru Komunitateko zergadunek espresuki hala adierazten dutenean.

Martxoaren 1eko  1/1973 Legearen bidez (uztailaren 1eko  10/2016 Foru Legeak emandako idazketan) onetsitako Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren 304. Legearen 7) idatz-zatia aplikatuz, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako “100eko 0,7ko funtsa, gizarte intereseko beste xede batzuetarakoa” kontu-saila hornitzeko diru-kopurua dela eta, kontuan hartu behar da aurreko lerroaldean zehazten den zenbatekoari gehitu behar zaiola oinordeko izateko ahaiderik izan gabe hildako foru izaera nafarreko pertsonengatik Nafarroako Diruzaintzan sartutako likidazioen emaitza, halako kasuetan Nafarroako Foru Komunitatea baita legezko oinordekoa.

Ekainaren 5eko  7/2009 Foru Legearen 4. artikuluan zehazten dira aurrekontuetako 'Gizarte-intereseko beste xede batzuetarako 100eko 0,7ko funtsa' berariazko kontu-saila banatzeko portzentajeak; kontu-sail hori banatuko da ezartzen diren multzoen artean, honela: 1. multzoari 100eko 35; 3. multzoari 100eko 30; 2. eta 4. multzoei 100eko 15; eta 5. multzoari 100eko 5.

Zertarako erabil daiteke 100eko 0m7 Funtsa?

Aurrekontuetako kontu-sail horretako zenbatekoa bakarrik erabil daiteke Nafarroako gobernuz kanpoko elkarte eta erakundeek honako helburu hauei begira egiten dituzten lanetarako: osasun laguntzakoak, nazioarteko garapenerako lankidetzakoak, prestaziorik gabeko langabeei arreta ematekoak, ingurumena hobetzekoak eta Autonomia Pertsonalari buruzko Legearen garapen eta sostengu jarduketei lotutakoak.

Nola banatzen da?

Kontu-sailaren banaketa ezartzen diren multzoen artean egiten da, honela:

  • %35, elkartasunezko jarduerak, beharra dagoen egoeretan; adibidez, honako kolektibo hauei zuzendutako programa eta proiektuak: droga-mendekoak, gizarte-bazterketan daudenak, guraso bakarreko familiak, babesgabezian dauden adingabeak, tratu txarrak jasan dituzten emakumeak, gutxiengo etnikoak, preso daudenak, preso egondakoak eta iragaitzazkoak. Baita adinekoei, desgaitasunen bat dutenei eta lanerako ezinduak daudenei zuzendutakoak ere.
  • %15, prestaziorik gabeko langabeen arreta.
  • %30, nazioarteko garapenerako lankidetza.
  • %15, Autonomia Pertsonalari buruzko Legearen garapena sostengatzeko
  • %5, ingurumena eta biodibertsitatea babestera zuzendutako programak.

Zer epetan onetsi behar dira deialdiak?

Urte bakoitzeko errenta kanpaina amaitu ondotik, hiru hilabeteko epean onetsiko dira gizarte entitateei zuzendutako diru-laguntzen deialdiak. Deialdi horiek urtea amaitu aurretik ebatziko dira, hurrengo urteko urtarrilean egikaritzen hasi ahal izateko. Deialdietan bakarrik parte har dezakete nafar entitateek, zeinei ez baitzaie parte hartzen uzten Estatukoetan.

Zer jarduketa-ildo lagunduko dira diruz?

Nafarroako Gobernuak eta gizarte entitateek aldez aurretik adostuko dute zer jarduketa-ildotarako izanen diren deialdietako diru-laguntzak; adostutako ildoak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluari eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluari igorriko zaizkie, haien berri izan dezaten eta onespena eman diezaieten.

Zenbateko epean argitaratzen dira deialdiak?

Nafarroako Gobernuak jarduketa-multzo desberdinen deialdiak gehienez ere hogeita hamar eguneko epean argitaratuko ditu, urte bakoitzeko Aurrekontuei buruzko Foru Legeak indarra hartzen duenetik edo bestela aurreko aurrekontuak luzatutzat jotzen diren egunetik kontatzen hasita, aldez aurretik izanda Nafarroako Gizarte Ongizateko, Garapenerako Lankidetzako eta Ingurumeneko kontseiluen irizpena, zeinekin Gobernua saiatuko baita ahalik eta adostasun handiena lortzen jarduketen edukiari dagokionez.

Zenbat deialdi argitaratzen dira?

Arestian aipatutako multzoetako bakoitzarentzat behar adina deialdi eginen dira, dagokion ekitaldiko aurrekontuetatik ateratzen den PFEZren 100eko 0,7ko funts osoa amaitu arte.

2017/08/04, Ostirala