Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Plana

Nafarroako Gobernuak, 2016ko abenduaren 14an egindako bilkuran, besteak beste, Nafarroako 2017-2027 Hondakinen Plana onartzeko erabakia hartu zuen.

Nafarroako 2017-2027 Hondakinen Plan berriak hondakinen % 65 gaika biltzearen aldeko apustua egin du. Foru Gobernuak atzo, abenduaren 14an, asteazkena, onartu zuen dokumentu horrek 350 lanpostu inguru sortzea aurreikusten du.

Zehazki, NHPk bilakaera garrantzitsua proposatzen du sisteman, eta, gorago aipatu bezala, hondakin horien % 65 (biohondakinak eta beste material batzuk, hala nola ontziak, beira, etab.) gaika biltzera igaroko da. Gainerakoa ere gutxitu egingo da: % 35. Hortik, berreskura daitezkeen materialak hautatu ondoren, zabortegirako errefusa % 63tik % 25era igaroko da.

Dokumentu hau Foru Komunitatean datozen urteetan hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko politikaren oinarrizko tresna da. Nafarroan sortu eta kudeatutako hiri-, industria- eta nekazaritza-hondakinak Prebenitzeko Programa eta Kudeaketa Plana barne hartzen ditu, eta ekonomia zirkularraren eta klima-aldaketara egokitzearen printzipioetan oinarritzen da.
 
Plan berriak aurreko 2010-2020 Plana ordezten du, Auzitegi Gorenak baliogabetua, eta 2008/98/EE Hondakinen Esparru Zuzentaraura, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legera, 2016-2022 aldirako Hondakinen Estatuko Esparru Planera eta 2014-2020 aldirako Hondakinen Prebentziorako Estatuko Programara egokitzen da. Plana idazteko, inplikatutako eragile guztien iritziak bilatu dira, 2015ean eta 2016an garatu den parte-hartze prozesu batean eta jendaurreko erakustaldi batean. Planak prebentzioan eragiten du, Nafarroaren nortasunaren ezaugarri gisa, kudeaketa publikoaren lidergoan eta lurralde osoan kalitatezko tokiko enplegua sortzeko gaitasunean.

Planaren helburua da Nafarroa erreferentziazko gizarte bihurtzea ekonomia zirkularraren kontzeptuari dagokionez, zeinak proposatzen baitu lehengaien erabilera arduratsua egitea, baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzea eta zirkulu jarraitu batean murriztu, berrerabili, konpondu eta birziklatzeko araua aplikatzea, naturaren beraren funtzionamendua imitatuz.

Nafarroako Gobernuaren akordioak, 2016ko abenduaren 23ko "Nafarroako Aldizkari Ofizialean" argitaratuak, hiri hondakinen, eraikuntza hondakinen, industria hondakinen eta nekazaritza eta abeltzaintzako hondakinen prebentzioa eta kudeaketa jasotzen du, honela antolatua: gaikako bilketa eta bereizketa; berrerabiltzeko prestatzea; birziklatzea eta balioztatzea; eta deuseztapena minimizatzea.

Planak hondakinen prebentzioaren aldeko apustua egiten du, Europar Batasunaren lehentasunetako bat, eta Nafarroak ezarri duen helburuetako bat. Murrizketa horretaz gain, dokumentuak lehentasunezko helburu gisa ezartzen du hondakin organikoen gaikako bilketa herritar guztientzat hedatzea eta gainerako zatikiaren % 100 tratatzea (bereizita bildu ondoren lortzen den etxeko hondakinen frakzioa) zabortegian bota aurretik. Halaber, Nafarroa osoan hondakinak zuzenean isurtzea desagerraraztea proposatu du.

Hondakinen Plana ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren mende jarrri da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera. Hondakinen Planaren Ingurumen Azterketa Estrategikoan, plana aplikatzeak ingurumenean izan ditzakeen ondorioak identifikatu eta ebaluatu dira, baita aztertutako alternatibak ere.

1398E/2016 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emanak, Nafarroako 2017-2027 urteetarako Hondakin Planaren Ingurumen adierazpen estrategikoa egiten du.

Fitxa

Legealdia: 
2015-2019
Departamentua: 
Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko Departamentua
Unitate arduraduna: 
Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzua
Tipo: 
Plana
Data azken gaurkotzea: 
2024/02/15, Osteguna