Nafarroako software librea

Administrazioa

Gai hau beti izan da Nafarroako Gobernuaren nahiz bertako erakundeen soluzio teknologikoen balizko alternatibetako bat, baina egia da ez dela muntako ekintzarik izan haren sustapenerako. Gure erkidegoa ez da aitzindaria arlo honetan.

Hezkuntza Departamentua gai honetako inflexio puntua izan da irakaskuntzaren esparruan, aspalditik erabiltzen duelako software librea ikastetxeei eta irakasleei zerbitzua emateko erabiltzen dituen zerbitzarietan, eta ekipoak ofimatikako aplikazio multzo batez, nabigatzaileaz eta irudien kudeatzaile batez hornitzen ditu.

Gainerako departamentuetan, ekintza nabarmenena Gobernuaren eta Teknologia Berrien Zuzendaritza Nagusiarena izan da, estandar irekien sustapenean eta erabileran, 2011ko azaroan abian jarri baitzuten Nafarroako Open Data ataria, datu publikoak murrizketarik gabe jendaurrean jartzeko eta berriz erabiltzeko aukera emanez.

Nolanahi ere ekintza aipagarriena eta Nafarroako Gobernuaren esparru osoari aplikatzen ahal zaiona LibreOffice ofimatikako aplikazio multzoa ekipo guztietan banatzea izan da; departamentuetako batzuetan multzo horren erabilera %20rainokoa izan da lehen urtean. 

Beste ekintza batzuk, Nafarroan software librearen erabilera hedatzeko helburua dutenak, batez ere enpresen esparruan, erakunde batzuek egindakoak izan dira, esate baterako, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren menpeko  Nafarroako Enpresa eta Berrikuntza Zentro Europarrak (CEIN); zentro horren xedea garapen ekonomikoa sustatzea da, berrikuntzako proiektu eta jarduera berriak pizgarriak eta laguntza emanez, eta, 2010ean, CENATIC zentroarekin batera, bilkura bat antolatu zuen iturri irekietarako migrazioaren arloko esperientzien trukerako, software libreak enpresaren munduan eta Administrazioan dituen posibilitateak ezagutzera emateko helburuarekin.

Administrazioan software libreko soluzioak hartzea ez da erabaki erraza, arrazoi askorengatik, besteak beste, informazio sistemen konplexutasuna, eskuragarritasun eta zerbitzu maila altuen beharra, eta jabetzako tresnekin integratzearen menpe egotea; horrek ez du galarazten, halere, horrelako soluzioak sustatzeko ekintzak egitea, batez ere zerbitzu mailan eragin handirik izaten ez den arloetan. Gaur egun, Nafarroako Gobernuak software libreko tresna zerrenda homologatu bat du erabiltzaileen eskura.

Banatutako software librekiko tresnak, adibidez

Informazio gehiago:

Enpresa

Administrazioarekin alderatuta, enpresaren munduan software librearen erabilerak osasun hobea du (enpresen adierazleak), batez ere alde batera utziz gero enpresa handiak, hauek jabetzako sistema korporatibo konplexuak dituztelako. Enpresa txiki eta ertainetan, software honetarako eskuragarritasuna enpresa handietan bezalakoa bada ere, baliabideen optimizazio hobea nahi izaten dutenez, errazago hartzen dituzte honelako soluzioak.

Erabiltzaileak

Batzuk aspaldi hasi ziren honen sustapena eskatzen, eta zenbait erakunde, Nafarroako REAS, adibidez, mugitu egin dira lortzeko, eta jaialdiak antolatu dituzte, adibidez GNU/LINUX Ubuntu install festa, software librearen instalazioa eta kontsumoa sustatzeko. Azkena Alterbus ekitaldia izan da, teknologiaren kontsumo arduratsuaz hitz egiteko GNU/LINUX Ubuntu sistema sustatuz.
Horrekin batera, NASOLI (Navarra y Software Libre) edo GRUSLIN-NASOLET (Grupo de usuarios de software libre de Navarra / Nafarroako software libre erabiltzaile taldea) elkarteak sortu dira, Nafarroan software librearen sustapenerako elkartea bata, eta erabiltzaile taldea bestea.