Nafarroako Boluntariotzaren II. Plana (2022-2023)

Nafarroako Boluntariotzaren II. Plana (2022-2023) Gobernuak onetsi zuen 2022ko otsailaren 9an.
 
Planak 29 ekintza biltzen ditu datozen 2 urteetarako; ekintza horiek 4 helburu nagusitan taldekatzen dira, eta helburu horien xedea da Nafarroan boluntariotza ezagutzen, aitortzen, indartzen eta bultzatzen laguntzea modu irmoan eta progresiboan.
 
Hauek dira: Nafarroako gizartea boluntariotzaren zentzuaz kontzientziatzea, boluntariotzaren balioak eta herritarren parte-hartze aktibo eta solidarioaren garrantzia sustatuz; boluntariotzako erakundeen garapena eta hazkundea bultzatzea, boluntarioen arreta eta kudeaketa prozesuen hobekuntza indartuz; inplikatutako eragile guztien artean koordinazio sistema eraginkor eta jasangarria garatzea, Nafarroako boluntariotzaren etengabeko bultzada sendo eta koherentea bermatuko duena; eta, azkenik, Nafarroako boluntariotzaren errealitateari eta inplikatutako eragile guztien beharrizanei buruzko ezagutza hobetzea.
2022-2023rako Nafarroako Boluntariotzaren II. Planaren xedea da, hain zuzen ere,  Nafarroan boluntariotza sustatzeko politika integral egonkor, koherente eta eraginkor bat sendotzea, departamentu eta toki erakunde guztien baterako gobernu ekintza koordinatu baten bidez. Politika hori zuzenean inplikatutako gizarte eragile guztiekin eratuko da, eta gizarte antolatu, parte-hartzaile eta solidario bat bultzatzeko behar diren laguntzak eskainiko ditu.
 
Nafarroa, Orotan Lagun plataforma da Nafarroako Boluntariotzaren II. Planaren hedapen operatiboaren zerbitzura dagoen tresna.  Plataforma horren helburua da Nafarroako gizartea berdintasunezkoagoa, solidarioagoa eta parte-hartzaileagoa izatea, eta Nafarroako Gobernuaren, hirugarren sektoreko erakundeen eta boluntarioen arteko lotura izatea.
 
Plan hori prestatzeko, aurreko planaren (2018-2020) azterketa eta ebaluazioa egin dira, eta parte hartzeko prozesu bat gauzatu da hainbat eragileri entzuteko eta beraiekin hitz egiteko.
 
2021eko irailean hasi zen, hain zuzen ere, plana prestatzeko prozesua. Bi hilabetetan baino gehiagotan, egoeraren diagnostikoa egin zen eta lanerako zirriborro bat prestatu zen. Halaber, online inkesta bat egin zitzaien herritarrei oro har eta boluntarioei.
Era berean, eztabaidatzeko bi lantegi egin ziren, eta 34 erakundetako 39 pertsonak hartu zuten parte horietan. Gainera, herritarrei zuzendutako beste komunikazio ekintza batzuk garatu dira, adibidez, dibulgazio bideo bat.
 
Halaber, Boluntariotzaren Mahai Teknikoak eta Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordeak ere plana aztertu zuten. Gainera, 2021eko abenduaren 13an, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluak abalatu zuen. Kontseilu hori boluntariotzarekin lotutako gaietan parte hartzeko organo gorena da, eta hainbat gizarte eragile daude ordezkatuta bertan.
  
 
JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

Plana onetsi zenetik, planaren ebaluazioa eta jarraipena jarri dira abian, funtsezko tresnak baitira prestatutako planetik benetako inplementaziora igarotzeko. Horien barruan, dagozkion jardueren inplementazioaren etengabeko jarraipena eta monitorizazioa egin dira, ezarritako konpromisoekin batera, baita planaren azken ebaluazioa eta balantze globala ere, planaren indarraldiaren amaieran.
Planaren jarraipenean Nafarroako boluntariotzaren ekosistema osatzen duten eragile guztiek hartuko dute parte.
Ebaluazioari dagokionez, bi ebaluazio eginen dira:
• Bitarteko ebaluazioa (2022ko abendua)
• Amaierako ebaluazioa (2023ko abendua)
 
 
EBALUAZIO PARTAIDETUA
Planaren izaera dela eta, bereziki zainduko da plana ezartzeko eta ebaluatzeko fasean ere parte hartzeko prozesuak daudela. Horretarako, bi tresna izanen dira:

        • Alde batetik, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseilua, boluntariotzaren arloko kontsulta organo gorena den aldetik, Boluntariotzari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera.
        • Bestetik, herritarren eztabaidarako panela, berariaz prestatuko dena Nafarroako herritarren pertzepzioa eta ekarpenak lortu ahal izateko, plana gauzatzeari eta Nafarroako Gobernu Irekiaren garapenean izandako aurrerapenari dagokienez.

Fitxa

Legealdia: 
2019-2023
Departamentua: 
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua
Unitate arduraduna: 
Herritarren Partaidetzarako eta Boluntariotzarako Atala
Tipo: 
Plana
Data azken gaurkotzea: 
2023/11/28, Asteartea