Nafarroako Estatistika Institutua (Nastat) arduratzen da Nafarroarentzat interesa duen jarduera estatistiko publikoa zuzentzeaz, koordinatzeaz eta sustatzeaz, hura baita Nafarroako Foru Komunitateko estatistika-erakunde publiko ofiziala.
Bestalde, Nafarroako jarduera estatistikoa arautzeko, estatistika-planak onesten dira foru-lege bidez, eta lau urtez egoten dira indarrean. Gaur egun, indarrean da Nafarroako 2021-2024 Estatistika Plana, maiatzaren 10eko 5/2021 Foru Legearen bidez onetsia.
Nafarroako 2021-2024 Estatistika Planean jasotzen dira, besteak beste, interes publikoko eragiketa estatistiko ofizialak eta zerga-arloko estatistikak; informazio hori, bi kasuetan, publizitate aktiboaren betebeharrari lotuta dago, 5/2018 Foru Legearen 27.2 artikuluko h) eta j) letretan ezarritakoari jarraikiz (5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa).
Bestalde, herritarrek zerbitzu publikoak baliatu edo erabiltzeari buruzko estatistikak –bereziki, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen eremuetakoak– eta, bereziki, egindako kontsulta, kexa eta iradokizunei buruzkoak, ez daude jasota Nafarroako Estatistika Planean, eta, hortaz, ezin dira publizitate aktiboaren xede izan, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legearen 27.2.g) artikuluak behartzen duen gisan.
Gune honetan, Nafarroako Estatistika Plan indarduna kontsultatu daiteke, baita argitaratutako estatistika, metodologia eta txostenen emaitzak ere. Halaber, informazio zehatza eskatu dezakezu Nastaten eskaera-formularioaren bidez.