Kargua utzi ondorengo ordainsariak
1. Kargua utzi eta hurrengo bi urteetan, goi kargudunek ez dute jarduera pribatuetan aritzerik izanen baldin eta jarduera horiek zerikusia badute kargua betetzen ari zirela haiek ebatzitako espedienteekin; era berean, ezin izanen dute laguntza teknikoko kontraturik izenpetu administrazio publikoekin, ez eta zerbitzukorik edo antzekorik ere.
2. Kargua utzi eta biharamunetik aurrera, Nafarroako Gobernuko kideek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendari nagusiek eta haren menpeko erakunde publikoetako zuzendari kudeatzaileek eskubidea izanen dute hilabetero prestazio ekonomiko bat jasotzeko; hain zuzen ere, kargua uzten dutenean jasotzen ari ziren urteko guztirako ordainsarien % 80aren hamabiren bat. Karguan egondako denbora zenbat izan den, denbora horren erdia egiten duen epe batez jasotzen ahalko dute prestazio hori; betiere, hogeita lau hileroko jasotzen ahalko dituzte gehienez.
Prestazioa sorrarazten den bitartean, ez bada bidezkoa interesdunari bere aurreikuspen sozialeko sisteman alta ematea, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiarekin hitzarmen berezi bat sinatzen ahalko du, eta horren ondoriozko kotizazioak itzultzeko eskubidea izanen du.
3. Aurreko idatz-zatian araututako prestazioa bateraezina da honako hauekin:
a) Beste edozein lanpostutan aritzeagatiko ordainsariekin, sektore publikokoak izan, edo pribatukoak izan.
b) Edozein lanbide edo merkataritza jardueratatik etorritako diru-sarrerekin.
c) Nafarroako Parlamentura edo beste edozein organismo edo erakunde publikotara joateagatiko dietekin.
d) Enpresa publiko edo pribatuen administrazio kontseiluetara joateagatiko dietekin.
e) Aurreikuspen sozialeko edozein araubide publikotako erretiro-sariekin.
Ordainsari, erretiro-sari edo diru-sarrera horiek, urteko guztiak kontatuta, baxuagoak badira aurreko idatz-zatian adierazitako prestazio ekonomikoa baino, eskubidea izanen dute bien arteko aldea jasotzeko, bakarrik.
Hortaz, aipatu ordainsariek hainbat jarduera pribatutan lan egiteko debekuaren eta langabeziagatiko sariaren ezaren ordainak batzen dituzte, eta legeak berak ezartzen dituen bateraezintasun arauen pean daude.