Nafarroako Foru Komunitateko 2019-2023 Baso Agenda - Ekintzak

Baso Agendak beste politika estrategiko batzuk osatzen ditu:
–Klima aldaketari dagokionez, baso kudeaketak eredu sozioekonomiko eta energetiko berri baten alde egin behar du, karbono gutxiko eta klimaren eraginei egokituriko ekonomia bat lortzeko, garapen jasangarrian erreferente izateko –ingurumen gaietan arduraz jokatuz, lurralde osoan, eta baliabideak modu eraginkorrean erabiliz–, eta oreka mantentzeko pertsonen, jardueren eta horien oinarrian dagoen ingurunearen artean.
–Kontserbazioaren arloan, baso kudeaketak sinergiak ditu kontserbazio bereziko eremuen (KBE) kudeaketa planetako neurriekin.
–Jasangarritasunaren eremuan, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S3) helburuetako bat da baliabide naturalak babestea eta horiek modu eraginkorrean erabil daitezen sustatzea, ingurumenaren kalitatea mantentzeko eta hobetzeko; hori bat dator, berriz ere, baso kudeaketa jasangarriaren printzipioekin.
–Nafarroan Ekonomia Zirkularra garatzeko 2030erako Agendaren 1. helburua da baliabide naturalak modu jasangarrian eta eraginkorrean kudeatzea, eta, 2030erako Nafarroako Plan Estrategikoarekin loturik, 2. helburuan sustatzen da energia fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea; azken horietako bat da, hain zuzen ere, baso biomasa erabiltzetik datorrena.
Azken finean, Nafarroako Baso Agenda estrategia bat da, eta bat egiten du, ezinbestean, beste estrategia batzuekin. Haren helburua da jarduketa eremu nagusiak zehaztea, eta lanerako programa bat ezartzea lehenbiziko 5 urteetarako (2019tik 2023ra), eta, esparru horretan, programazio eta jardute mailak garatzea baso ekintzarako plan batean eta proiektu zehatzetan, datozen 20 urteetarako.
Baso Agenda esparru-agiria da, eta haren gainean garatuko dira, 2020-2023 aldian, basogintza sektoreko ardatz estrategiko bakoitzerako ekintza planak:
- 2. ardatza: Klima aldaketa eta arrisku naturalak.
- 3. ardatza: Basogintza sektorea sustatzea.
- 4. ardatza: Biodibertsitatearen Kontserbazioa.
- 5. ardatza: Berrikuntza eta ezagutza.
Ardatz horietako bakoitza programatan garatuko da, eta helburu eta neurri batzuk izanen dira programa horiek betetzeko.
ARDATZA | PROGRAMAK | HELBURUAK | NEURRIAK |
BASO ARLOKO GOBERNANTZA | 9 | 25 | 54 |
KLIMA ALDAKETA ETA ARRISKU NATURALAK | 4 | 4 | 23 |
BASOGINTZA SEKTOREA SUSTATZEA | 7 | 35 | 70 |
BIODIBERTSITATEAREN KONTSERBAZIOA | 5 | 7 | 16 |
BERRIKUNTZA ETA EZAGUTZA | 6 | 15 | 40 |
GUZTIRA | 31 | 86 | 203 |