Ozonoak Nafarroan kutsatutako airearen kalitatea hobetzeko plana
Airearen kalitateari buruz indarrean dagoen araudiak ezartzen du ezen eremu edo aglomerazio jakin batzuetako airean gai kutsagarrien mailek gainditzen badute gehieneko kontzentrazio onargarria edo helburu balioa, edozein delarik ere, autonomia erkidegoek airearen kalitatea hobetzeko planak onetsiko dituztela eremu eta aglomerazio horietarako, dagokien gehieneko kontzentrazio onargarria edo helburu balioa errespeta dadin.
Ozonoaren kasuan, Nafarroako zonaldeetako batean ere ez da gainditu osasuna babesteko helburu balioa, baina 2019ra arte bai gainditu zela landaredia babesteko helburu balioa; beraz, plana prestatu da eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedurapean jarri da. Aldeko ingurumen-adierazpen estrategikoa Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 1015E/2023 Ebazpenaren bidez egin zen. Plan hori Nafarroako Gobernuak 2024ko martxoaren 27an hartutako erabakiaren bidez onetsi zen.
Planak hainbat neurri biltzen ditu, beste plan, programa eta proiektu batzuetan diseinatu eta ezarri direnak edo ezartzeko fasean direnak, izan tokian toki, izan eskualde nahiz estatu mailan, eta haien bidez plantea daitezke ozonoaren gai eragileen emisioak zuzenean nahiz zeharka murrizteko jarduketak, zeinak gainjartzen ahalko baitira. Halaber, airearen kalitatea hobetzeko neurri osagarriak planteatzen ditu, beste planek abiarazitako hobekuntza politikak indartzeko eta, azken batean, denon artean airearen kalitatea oro har hobetzeko.
Planean bildutako neurriak ezartzen ari diren jakiteko, urtero txostenak eginen dira. Txosten horietan ebaluatuko da neurriak zenbateraino bete diren, eta baita airearen kalitatea kontrolatzeko sareak erregistratu dituen ozono mailak eta gai eragileen emisioak ere.