012 Telefonoak 22 urte bete ditu

012 telefono bidezko arreta zerbitzua 2001eko azaroan jarri zen martxan, Nafarroako Gobernuak bultzatuta, 12 udal atxikita (Antsoain, Aranguren, Barañain, Berriobeiti, Berriozar, Zizur Zendea, Eguesibar, Lizarra, Uharte, Noain Elortzibar, Atarrabia eta Zizur Nagusia) eta ANIMSA Nafarroako Udal Informatikaren Elkarteak kudeatuta. Gaur egun, TRACASA Instrumental enpresa publikoak kudeatzen du 012 telefono bidezko arreta zerbitzua; horren bidez zerbitzu asko eskaintzen zaizkie Nafarroako Gobernuari, 41 udali eta 122 kontzejuri, eta erraztu egiten da herritarren eta foru eta udal administrazioaren arteko harremana. Azpimarratu behar da 012 telefonoa Nafarroako Gobernuak eta atxikitako toki entitateek herritarrei arreta emateko telefonoa dela.
Martxan egon den 22 urteetan, 012 telefonoak 3,8 milioi dei baino gehiago jaso ditu, eta zerbitzu berriak eskaini ditu, hala nola udal izapideen kudeaketa, izen emateak, aurretiko hitzorduen kudeaketa, telefonoguneen arreta edo inkestak. Zerbitzu honen bidez, Nafarroako herritarrek 1,5 milioi gestio inguru egin dituzte foru eta udal administrazioekin. 
Arreta ordutegia astelehenetik ostiralera da, 08:00etatik 18:00etara, uztailaren 1etik abuztuaren 15era izan ezik, orduan 15:00etan amaitzen baita.
Zerbitzuak arreta elebiduna eskaintzen du, eta horretarako 012 zenbakira deitu behar da. Telefono hori Nafarroatik baino ezin da erabili, eta deiaren prezioa telefono finko batera egindako 160 segundoko dei baten parekoa da, finkotik zein mugikorretik egin, betiere kontratatutako tarifen arabera. 948 012 012 telefono zenbakira ere deitu daiteke, Nafarroatik edo Nafarroaz kanpotik, eta doakoa da tarifa laua izanez gero. Bestela, tokiko dei baten kostua izanen du, eta iraupenaren arabera kobratuko da.
2023an, 012 telefono bidezko arreta zerbitzuak 145.000 dei jaso zituen, eta deien % 80ri erantzuna eman zien. Nafarrek 55.000 gestio egin zituzten iaz zerbitzu horren bidez; besteak beste, 33.000 inskripzio baino gehiago, 14.000 udal izapide edo ia 7.000 aurretiko hitzordu hainbat zerbitzutan. Gainera, 2023an, 012 zerbitzuak 67.000 SMS eta 13.000 mezu elektroniko baino gehiago bidali zituen; beraz, 80.000 mezu baino gehiago bidali zizkien herritarrei informazio interesgarriarekin.
12 langile ditu 012 zerbitzuak: 10 operadore, gainbegirale bat eta koordinatzaile bat. Gainera, aktibitate handiko hilabeteetan (maiatza-ekaina eta abuztu-iraila), beste lau pertsonak lan egiten dute zerbitzuan.
Hauek dira gaur egun 012ra atxikitako udalak: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Barañain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Kaseda, Zizur Zendea, Corella, Ezkabarte, Ezkaroze, Galar, Gesalatz, Uharte, Jaurrieta, Legarda, Leitza, Lerin, Milagro, Noain Elortzibar, Odieta, Olazti, Erriberri, Orontze, Jaitz, Santsol, Tafalla, Ultzama, Eguesibar, Valtierra, Viana, Alesbes, Atarrabia, Deierri eta Itzagako Mankomunitatea (Urroz, Itzagaondoa, Lizoain, Untziti, Ibargoiti eta Eloko udalak).

2024/02/21, Asteazkena