Gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko Foru Legerako aurreproiektua
Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusia
Foru Legerako aurreproiektu honek xede du, batetik, bermatzea informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzagarria dela eta, bestetik, gardentasuna bultzatzea jarduera publikoan eta gobernuaren ekintzan. Horretarako, sustatu eta bermatuko dira herritarren parte-hartzea eta lankidetza kudeaketa eta erabakitze publikoan, horiek ezagutzan oinarrituta egin daitezen; herritarrekiko interrelazioa sorraraziko da, demokrazian eraginkortasunez sakontzeko; erraztuko da erraztu beharreko oro, zeinahi pertsonak prozedura samur eta argien bidez eskuratu ahal izan dezan informazio publikoa; kudeaketa publikoa gardendu eginen da, betebeharpeko subjektuek sortutako informazioa hedatuz; bultzatuko da herritarrei kontu ematea, horrela, betebeharpeko subjektuen garapena ebaluatu ahal izateko; hobetuko da informazio publikoaren antolaketa, sailkapena eta erabilpena; bermatuko da gobernu jarduna printzipio etikoei jarraikiz eta zerbitzu publikoa emanez gauzatzen dela; eta, azkenik, sustatuko eta erraztuko da, ezagutzan oinarrituz, herritarren parte-hartzea eta lankidetza gauza publikoaren kudeaketan.
Foru Legerako aurreproiektuak legearen aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik harago zabaltzen du. Informazio publikoaren gordailu izan daitezkeen entitate publiko zein pribatu guztiak barne hartzen ditu, baita ere funts publikoz hornitzen diren entitate pribatuak eta funts publikoz finantzaturiko zerbitzu publikoen kudeaketan parte hartzen dutenak. Mugatu egiten du beste erakunde publiko batzuetan izan dezakeen aplikazioa, kasurako, Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Arartekoaren bulegoan, Kontuen Ganberan eta Nafarroako Kontseiluan. Publizitate aktiboko betebeharrak egituratzen eta zabaltzen ditu eta traba eta oztopoak baztertu nahi ditu, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzagarri egiteko. Halaber, arau-hauste eta zehapenen araubide bat dakar, informazio publikoa eskuratzeko eskubideari berme handiagoa emanez. Planteatzen du erabaki politikoak hartzeko prozesuetan opakutasun espazioak ezabatzeko neurriak hartzea eta, horrekin batera, interes taldeak arautzea.
Nafarroako Gobernuak, 2017ko abenduaren 20an, erabaki bidez Gardentasunaren, informazio publikoa eskuratzearen eta gobernu onaren Foru Legearen proiektua onartu zuen.