Zer da informazio publikoa?

Informazio publikotzat hartzen da legeak aipatzen dituen Administrazio Publikoek eta haiei lotutako eta haien mendeko erakunde publikoek eskutan daukatena, euskarria eta adierazteko modua edozein izanik ere.

Halaber, informazio publikotzat hartuko da zerbitzu publikoak ematen dituzten edo ahalmen administratiboak edo eginkizun publikoak betetzen dituzten beste entitate edo subjektu batzuek egindakoa edo haien jabetzakoa, baldin eta haien jarduera publikoan sortu edo lortu bada, edo jarduera publiko bat betetzeko.

Informazio horretako zati handi bat argitaratua dago Gobernu Irekiaren Atarian. Aurkitzen ez baduzu, laguntza eska dezakezu hura bilatzeko eta/edo informazio publikoa eskuratzeko eskaera formalizatzeko.

Informazio publikorako eskubidea ez da unibertsala; mugak ditu, hain zuzen ere Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoak.


Informazio publikorako eskubideak mugak ditu, hain zuzen ere Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 31. artikuluan jasotakoak, honako hauendako kaltetan denean:

  • -Segurtasun nazionala.
  • -Defentsa.
  • -Kanpo harremanak.
  • -Segurtasun publikoa.
  • -Erabakiak hartzeko prozesuetan eskatzen den konfidentzialtasunaren edo sekretuaren bermea.
  • -Arauen urratze penal, administratibo edo diziplinazkoen prebentzioa, ikerketa edo zehapena.
  • -Aldeek prozesu judizialetan izan beharreko berdintasuna, eta babes judizial eraginkorra.
  • -Zaintza, ikuskapen eta kontrol lan administratiboak.
  • -Interes ekonomiko eta merkataritzakoak, zilegi direnak, foru legeari jarraikiz hitzarmenei, kontratuei eta bestelako egintza administratiboei publizitatea ematea galarazi gabe.
  • -Politika ekonomikoa eta moneta arlokoa.
  • -Sekretu profesionala eta jabetza intelektuala eta industriala.
  • -Ingurumenaren babesa.
  • -Lege mailako arauek erreserbatutzat jotako edo babestutako informazioa.
  • -Datu pertsonalen babesa.


Muga horien aplikazioa, betiere, neurrikoa izanen da, babesa izanik xede eta helburua, eta modu mugatuan eta arrazoituan interpretatu beharko da.

Legeek ezarritako aldirako edo neurri hori justifikatzen duen arrazoiak dirauen bitartean baizik ez dira aplikatuko muga horiek.

Informazioa eskuratzeko aurkeztutako eskaera batek herritarren baten eskubide edo interes bidezkoak ukitzen ahal baditu, entzutea emanen zaio.

Informazioa eskuratzeko eskubideak dituen mugetariko bat suertatzen denean, berriz, eskatzaileari emanen zaio entzutea, gutxienez ere hamar eguneko epean eta gehienez ere hamabostekoan alegazioak egin ditzan eta bere eskubideen alde bidezkotzat jotzen dituen agiriak aurkez ditzan.

Aipatu mugek eskatutako informazioari eragiten badiote, eskaera partez onartuko da eta eskatzaileari aditzera emanen zaio informazioaren zer atal ez zaion eman.

 

Honelako eskaerak ez dira tramitera onartuko, ebazpen arrazoituaren bidez:

  • ­• Informazioa eskuratzeko eskubidetik legez salbuetsita dagoen informazioari buruzkoak. 
  • • Eskaera hartu duen entitateak ez daukan informazioari buruzkoak, eta eskuduna ezezaguna denean.
  • • Kontsulta juridikoei erantzuteko eskaerak, edo txostenak edo irizpenak egiteko eskaerak.
  • Neurriz kanpokotzat hartzen direnak, agerikoa izanik arrazoigabeak edo errepikakorrak direla edo eskubidearen neurrigabeko abusua dakartela.
  • Prestatze faseko dokumentazioa, lantzen ari den materiala edo bukatu gabe dauden dokumentu edo datuak, administrazio espedientearen parte ez direnak, eskuratzeko eskaerak.
    • -Burutu gabea: Administrazioaren barrenean oraindik lantzen ari diren datuak, haiei buruz inolako irizpen, txosten edo onespenik eman ez denean. Halakoetan, ebazteko eskumena duen organoak eskatzaileari adieraziko dio noizko aurreikusten den lanketa horren bukaera.
  • • Izaera lagungarria edo sostengukoa duen informazioari buruzkoak, hala nola:
    • -oharrak, zirriborroak, iritziak, barne erabilerarako laburpenak edo barne komunikazioak, garrantzi edo interes publikorik gabeak.
    • -Honako hauek ez dira halakotzat hartuko: txosten juridikoak, teknikoak, ekonomikoak edo bestelakoak, espedientearen parte badira edo ebazpenekin edo beste egintza administratibo batzuekin lotura badute.
  • • Zabaldu aurretik berregin behar den informazio bati dagozkionak.
  • • Ez da berregitetzat hartuko erabilera arrunteko tratamendu informatizatuaren bidez lor daitekeen informazioa, ez eta zenbait agiri desberdinetan barreiaturiko informazioa biltzeko egintza ere.

 

+ Zer gertatzen da zehaztasun gutxiko eskaerekin?

Informazio publikoa eskuratzeko eskaera zehaztasun gutxiz egin bada, eskatzaileari eskatuko zaio zehaztu dezala, eta horretarako, hamar egun balioduneko epea emanen zaio gehienez. Bitartean, ebazteko gehieneko epea eten eginen da. Zuzendu ezean, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da. Helburu horretarako, laguntza emanen zaio bere informazio eskaera ahalik eta azkarren zehaztu dezan.

Eskatzailea atzera egintzat jotzeko eta eskaera artxibatzeko deklarazioa ebazpen bidez eginen da, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio, beste eskaera bat aurkezteko aukera izan dezan, baina nahi duen informazioa edo eskaera zehaztuta.

+ Zer gertatzen da informazio eskaerak hirugarrenen eskubideak edo interesak ukitzen baditu?

Eskaeretako informazioak Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 31. eta 32. artikuluetan aipatzen diren hirugarrenen eskubide edo interesak ukitzen baditu, ebazteko ardura duen organoak ukituei igorriko die eskaera, hamabost eguneko epean alegazioak aurkez ditzaten, betiere alegazio horiek erabakigarriak izan badaitezke ebazpen bat edo beste bat emateko orduan.

Ukituari eskaera bidaltzearekin batera ebazteko epea eten eginen da, harik eta alegazioak jaso arte edo jakinarazten denetik aurrera kontatu beharreko hamabost egun balioduneko epea bukatu arte. Hirugarrenak erantzuten ez badu eskatutako epean, ulertuko da ez dagoela ados eskatutako informazioa ematearekin.

Halaber, eta ebazpena eman aitzin, entzutea emanen zaio eskatzaileari, gutxienez ere hamar eguneko epean eta gehienez ere hamabostekoan alegazioak egin ditzan eta bere eskubideen alde bidezkotzat jotzen dituen agiriak aurkez ditzan. Entzutearen tramiteak ebazteko epearen etena ekarriko du, harik eta alegazioak jaso, aurkezteko epea iragan edo eskatzaileak adierazi arte ez duela alegaziorik egiteko asmorik, ez eta agiririk edo justifikaziorik aurkeztekorik ere.

Organo eskudunak, hirugarrenek esanbidez edo ustez adierazitakoan oinarrituta, eta Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, bidezkotzat jotzen duen ebazpena emanen du.

+ Eskabidea zer epetan ebatzi behar da?

Kasu bakoitzean ebazteko eskumena duen organoak lehenbailehen eman beharko du eskatutako informazio publikoa, edo, bestela, lehenbailehen jakinaraziko dizkio eskatzaileari informazio hori ukatzeko arrazoiak, beranduenik lege mailako berariazko arauetan ezarritako epeetan, eta, aurreikuspenik izan ezean:

  • Oro har, Administrazioaren edo ebazteko eskumena duen organoaren erregistroan eskaera sartu eta hilabeteko epean, gehienez.
  • Epe hori hilabete bat gehiago luzatzen ahalko da, baldin eta, informazioaren bolumena eta konplexutasuna ikusita, ezinezkoa bada lehen adierazitako epean ematea.  Kasu horretan, gehienez ere hamar eguneko epean eskatzaileari adierazi beharko zaio zergatik luzatu den.

+ Zer gertatzen da ez bada ebazten informazio eskaera?

Ebatzi eta jakinarazteko ezarritako gehieneko epean berariazko ebazpenik jasotzen ez bada, ulertuko da eskaera baietsi egin dela, salbu eta lege mailako arau batek berariaz ezartzen badu eskatutako informazioa, dena edo parte bat, ukatu egin behar dela.

Eskaerak isiltasun administratiboaren bidez baiesten direnean, Administrazio Publikoa behartua egonen da eskubide osoa edo partziala aitortzen duen berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean jasotakoaren arabera.

+ Administrazioak nola ebazten du eskaera?

Emandako informazioa osotara bat etortzen denean eskatutakoarekin, haren edukian ez bada jasotzen hirugarrenen daturik edo hirugarrenen eskubideei edo interesei zuzenean eragiten dienik, informazioa emateko egintzak ordezkatuko du emateko ebazpen administratiboa.

Gainerakoetan, ebazpena idatziz formalizatu beharko da, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio, baita ukitu den hirugarrenari ere, halakorik bada .

Informazioa eskuratzea osorik edo partez ukatzen duten ebazpenak arrazoituak izanen dira, baita hirugarren ukituren batek parte hartu arren informazioa eskuratzea baimentzen dutenak, eta informazioa eskatutako forman edo formatuan ez beste batean eskuratzea aurreikusten dutenak ere bai.

Informazioa ukatzeko arrazoia hirugarrenek jabetza intelektualerako edo industrialerako eskubidea edukitzea baldin bada, eskubide horien titularra den pertsona fisikoa edo juridikoa zein den adierazi beharko da, ezaguna izanez gero, edo, bestela, zeinek laga duen eskatutako informazioa. 

+ Eskatutako informazioa zer formatutan biltzen da?

Eskatu den modu edo formatuan eman beharko da informazioa, non eta inguruabar hauetariko bat gertatzen ez den:

  1. Lehenagotik, informazio hori beste forma edo formatu batean zabaldua izatea, eta eskatzaileak hori errazki eskuratzerik badu. Kasu horretan, eskatzaileari adierazi beharko zaio non eta nola eskura dezakeen informazio hori, edo bestela, eskura dagoen formatuan helaraziko zaio.
  2. Organo eskudunari zentzuzkoa iruditzea informazioa beste forma edo formatu batean jartzea eskatzailearen eskura, eta egoki justifikatzen badu.

Informazioa “in situ” eskuratzeak jatorrizko euskarria galtzea edo hondatzea ekar badezake, kopia formatu jakin batean egitea ezinezkoa denean ez dagoelako ekipamendu teknikorik eskura, edo informazioa eskatutako modalitatean emateak jabetza intelektualerako eskubidea urratu baldin badezake, bidezkoa izanen da informazioa beste modu edo formatu batean ematea eskatzaileari.

Orobat, bidezkoa izanen da eskatzaileari beste forma edo formatu batean ematea informazioa baldin eta errazagoa edo ekonomikoagoa bada altxor publikoarentzat.

Ebazten baldin bada informazioa eskatutako forma edo formatu berean ez ematea, ez osorik ezta partez ere, eskatzaileari horren berri eman beharko zaio, informazioa eskuratzeko eskubidea aitortzen den ebazpen berean, eta, horrekin batera, adieraziko zaio nola edo nolako formatutan ematen ahalko den eskatutako informazioa.

+ Informazio publikoa dohain eskuratzekoa da?

Dohainik izanen da:

  1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan aipatzen den informazioa eskuratzea, baita bestelakoa ere, kontrakorik xedaturik ez badago.
  2. Eskatutako informazioa gordetzen den tokian berean aztertzea.
  3. Informazioa posta elektronikoaren bidez edo balio bereko beste sistema elektroniko baten bidez ematea.

Artxibo, liburutegi eta museoen kasuan, berariazko legediak xedatutakoari jarraikiko zaio doakotasunari edo ordainketari dagokionez.

Kopiak egiteagatik eta informazioa gordetzen duen jatorrizkoaz beste formatu batera eramateagatik diru-kopuru bat ordaintzea eska liteke, baina lan horien kostua gainditu gabe.

Administrazio Publikoak tasak ezartzeko, tasa eta prezio publikoei buruzko foru legedian ezarritakoari jarraikiko zaio.

+ Zer errekurtso aurkez daitezke Administrazioak emandako ebazpenaren kontra?

Informazio publikoa eskuratzearen arloan, esanbidezko edo ustezko ebazpenek administrazio bidea amaitzen dute, eta haien kontrako errekurtsoa para daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 45. artikuluan aurreikusitako aukerako erreklamazioa paratzea galarazi gabe.

+ Nola paratu aurreko erreklamazioa?

Informazio publikoa eskuratzearen arloan emandako esanbidezko edo ustezko ebazpenen kontra erreklamazioa aurkezten ahalko da, hautara, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluan.

+ Zer epetan paratu behar da aurreko erreklamazioa?

  • Ebazpena eman denean, edo informazioa eskatzailearen eskutan jarri, epea hilabetekoa izanen da aurkaratutako egintza jakinarazi edo informazioa ematen denetik.
  • Bestela, noiznahi para daiteke erreklamazioa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aitzina.

+ Nori aurkeztu behar zaio aurreko erreklamazioa?

Aurreko erreklamazioa Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari aurkeztu behar zaio. Kide anitzeko organoa da berau, ondokoek osatua:

  • Kontseiluburua 
  • Kontseilukideak
    1. Nafarroako Parlamentuko lau kide, Nafarroako Parlamentuan dauden taldeekiko aniztasun irizpidea aintzat hartuta izendatutakoak.
    2. Gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat.
    3. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko hiru ordezkari.
    4. Nafarroako Kontseiluaren ordezkari bat.
    5. Kontuen Ganberaren ordezkari bat.
    6. Nafarroako Arartekoaren ordezkari bat.
    7. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkari bat. 

+ Erreklamazioa zer epetan ebatzi behar da?

Erreklamazioaren gaineko ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da, eta, epe hori iraganik, erreklamazioa ezetsi dela ulertuko da.

+ Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren ebazpenak jendaurrekoak dira?

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak emandako ebazpenak, barnean dituzten datu pertsonalak behin kendu, eta interesdunei jakinarazi ondoren, bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko dira erregelamenduz ezartzen den moduan.

+ Errekurtsorik paratzen ahal ote da Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren ebazpenen kontra?

Bai. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak emandako egintzak administrazioarekiko auzien bidean aurkaratzen ahal dira.