Boluntariotzaren III. Plana 2024-2027
Erlazionatutako edukiak:
Nafarroako Boluntariotzaren III. Plana (2024-2027) Gobernuaren 2024ko martxoaren 13ko erabakiaren bidez onetsi zen.
Datozen 4 urteetarako, Planak 59 ekintza jasotzen ditu, 6 helburu estrategikotan eta 16 jardun ildotan multzokatuta, boluntariotza sustatzeko politika integral egonkor, koherente eta eraginkorra sendotzera bideratuta. Plan horrek konpromisoa islatzen du gizarte sarea indartzeko, elkartasuna bultzatzeko eta gizartean eragin positiboa sortzeko. Borondatezko lankidetzaren bidez, pertsona guztientzako ingurune inklusiboagoa eta solidarioagoa eraiki nahi dugu, babes loturak sortuz eta ongizate komuna sustatuz.
III. plan hori prestatzeko, aurreko planaren (2022-2023) azterketa eta ebaluazio parte-hartzailea egin dira, eta eraikuntza kolektiboko prozesu bat gauzatu da hainbat eragilerekin.
Nafarroa, Orotan Lagun plataforma Nafarroako Boluntariotzaren III. Planaren hedapen operatiboaren zerbitzura dagoen tresna da, eta Nafarroako gizarte berdinzaleago, solidarioago eta parte-hartzaileago bat lortzea du helburu. Plataforma hori Nafarroako Gobernuaren, hirugarren sektoreko entitateen eta boluntarioen arteko lotura da.
2023ko ekainean ekin zitzaion prestaketa prozesu parte-hartzaileari. 4 saio egin ziren, eta erakundeen ordezkariek, boluntariotzako kudeatzaileek, boluntarioek eta inplikatutako beste eragile batzuek hartu zuten parte, 76 pertsonak guztira. Partaidetza saioez gain, parte hartzeko zenbait tresna erabili ziren, hala nola galdetegiak eta elkarrizketak kudeaketa taldearekin, Planaren gobernantza organoekin eta beste eragile garrantzitsu batzuekin. Gainera, herritarrei zuzendutako beste komunikazio ekintza batzuk garatu dira, adibidez, dibulgazio bideo bat. Esteka honetan ikus daiteke jarraitutako prozesu osoa.
Halaber, Boluntariotzaren Mahai Teknikoak eta Boluntariotzaren Departamentuarteko Batzordeak ere plana aztertu zuten. Gainera, 2024ko urtarrilaren 22an, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluak abalatu zuen. Kontseilu hori boluntariotzarekin lotutako gaietan parte hartzeko organo gorena da, eta hainbat gizarte eragile daude ordezkatuta bertan.
JARRAIPEN ETA EBALUAZIO ESPARRUA
Planaren jarraipena eta ebaluazioa funtsezko elementua da, eta ikuspegi bikoitza du: kontuak ematea eta emaitzak eta eraginak neurtzea. Planaren diseinuan bertan, jarraipena eta ebaluazioa egiteko tresnak egituratzeak lagundu egiten du egin beharreko jarduerak eta horien helburua argitzen.
- - Sei hilean behin eginen da ekintzen egoeraren jarraipena, kontuak emateko fitxen bidez.
- - Tarteko ebaluazioa: (2025eko abendua), ordura arte lortutakoa baloratzeko eta Planaren indarraldiaren bigarren erdia behar bezala bideratzeko. Tarteko ebaluazioa batez ere kudeaketaren edo prozesuaren ebaluazio gisa bideratuko da.
Amaierako ebaluazioa: (2027ko abendua), Planaren betetze maila orokorra eta haren emaitzak ezagutzeko, Planak hartzen dituen 4 urteetan. Amaierako ebaluazioa batez ere emaitzen eta eraginen ebaluazio gisa bideratuko da