II. Jarduketa Plana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen higiezin eta bulego administratiboei buruzkoa
Nafarroako Gobernuak 2026ko ekainaren 17an hartutakoErabakiaren bidez, onetsi da II. Jarduketa Plana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen higiezin eta bulego administratiboei buruzkoa.
Higiezinei buruzko II. Planarekin, energia-efizientziako neurriak hartu nahi dira, bai eta eskura dauden eraikinak sendotzeko eta eraberritzeko jarduketak egin ere, ondoren eraikin horiek zerbitzu publikorako erabiltzeko. Hona hemen planaren helburu edo xedeak:
- Energia aurrezteko eta energia-efizientziako neurriak hartzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako eraikin administratiboetan.
- Eskura dauden eta erabiltzen ez diren eraikinak sendotu eta eraberritzea, ondoren zerbitzu publikorako espazioen beharrei erantzuteko.
- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gaur egun dituen errentamendu-gastuen igoera saihestea.
2026-2028 aldirako Higiezinei buruzko II. Planak 5,76 milioi euroko inbertsioa izanen du, eta erabiliko da energia-efizientzia hobetzeko, energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko eta Administrazioaren ondare higiezina behar bezala zaintzen dela bermatzeko.
Energiaren esparruan, jarduketak hauek eginen dira: inguratzaile termikoa hobetzea kanpoko arotzeria aldatuz, fatxaden eta estalkien isolamendua indartzea, instalazio termikoak eta argiztapen-sistemak berritzea teknologia efizienteagoak ezarriz, eta autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak ezartzea. Halaber, auditoria energetikoak egitea aurreikusten da, kontsumoak aztertzeko, hobetzeko aukerak hautemateko eta etorkizuneko inbertsioen plangintza eguneratzeko.
Aldi berean, planean hainbat jarduketa jaso dira higiezin eta orube publikoak sendotzeko, birgaitzeko eta egokitzeko: estalkiak berritzea, kaltetutako elementuak ordeztea, espazio zaharkituak eraistea, inguruneak urbanizatzea, sarbideak hobetzea eta oztopo arkitektonikoak kentzea.
Jarduketa horiek guztiak 2026ko eta 2028ko ekitaldien artean banatuko dira, eta haien helburua izanen da energiaren kontsumoa eta hari lotutako isuriak murriztea, higiezin publikoen funtzionalitatea eta irisgarritasuna hobetzea, eta Administrazioaren ondare higiezina zaintzea, etorkizunean baldintza egokietan erabili ahal izan dadin.

