Jasangarritasunerako Ingurumen-hezkuntzaren Nafarroako estrategia - ENEAS 2030
Erlazionatutako edukiak:
ENEAS 2030 onetsi zen Gobernu Kontseiluaren 2023ko maiatzaren 24ko Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposatuta.
Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Nafarroako Estrategiak (ENEAS 2030) esparru berri bat definitu nahi du, ingurumen-hezkuntzaren ikuspegi berrietara egokitua; izan ere, ikuspegiok hertsiki lotuak daude larrialdi klimatikoaren eta jasangarritasunaren arloko nazioarteko eztabaidekin, gizarte eta ingurumen arloetan dauzkagun erronka berriekin eta Nafarroako Gobernuak eskualde-mailan, nazio-mailan eta nazioartean harturiko konpromisoekin. Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzak aurrean dituen erronka horiek direla-eta, esan daiteke funtsezko tresna bat izanen dela inpaktuak murriztea eta ingurunearekin ditugun harremanak —tokian tokikoak eta globalak— hobetzea ahalbidetuko duten soluzioak bilatu eta abian jartzeko, bai eta aurrerapausoak egiteko ere garapen jasangarriaren bidean, alde sozial eta ekonomikotik eta ingurumen aldetik begiratuta.
Estrategia hori lerrokatua dago estatuko Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzako Ekintza Planarekin (PAEAS) —Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren mende dago plan hori—, eta laguntzen du Nafarroako 2030 Agenda betetzen eta Garapen Jasangarrirako Helburuak aplikatzen.
Estrategia 5 ardatz operatibotan egituratzen da:
- Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntza politika publikoetan sartzea.
- Jasangarritasuna hezkuntza- eta prestakuntza-sisteman txertatzea.
- Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren kalitatea hobetzea.
- Esku hartzeko agertoki eta gune berariazkoak.
- Komunikazioa, zabalkundea eta herritarren ekintza.
Ardatz horiek 15 helburu espezifiko eta 73 neurri biltzen dituzte, eta jarduketa zehatzen bidez gauzatzen dira.
Prozesu osoak hiru legegintzaldiri eragiten die. 2020an, abian jarri zen herritarrek parte hartzeko prozesu bat, estrategia prestatzeko. Estrategia 2023tik 2030era bitarte garatuko da, ekintza-planen bidez.
ENEAS 2030 koordinatzea eta kudeatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokio, Ingurumen Hezkuntzako eskumena duen unitatearen bidez.
ENEAS 2030 estrategiaren Koordinazioko Mahai Teknikoaren bidez, Nafarroako Gobernuko departamentu guztiek parte hartzen dute jarduketa zehatzak inplementatzen, bai eta horien jarraipena eta ebaluazioa egiten ere.
Estrategiak badu Sektorearteko Jarraipen Batzorde bat ere. Batzorde hori Nafarroan Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzarekin lotura duten beste eragile batzuei —bai profesionalei, bai sozialei— zuzendutako partaidetza-gune gisa aritzen da.
Fitxa
Garatutako ekintzak
2023-2025
ENEAS 2030 estrategiaren I. Ekintza Plana 2023-2025 aldiari dagokio, eta uztailaren 29ko 231E/2024 Foru Aginduaren bidez onetsi zen.
Lehen aldi hori estrategia abian jartzeko fasea izan da. Horretan, funtsezkoa izan da estrategia koordinatzeko, haren jarraipena egiteko eta ebaluatzeko tresnak sortzea, definitzea eta artikulatzea, gobernantza-espazioak aktibatzearekin batera.
Onetsitako planak Nafarroako Gobernuko 6 departamentuk egin beharreko 45 jarduketa zehatz aurreikusten zituen. Azkenean, ordea, 77 jarduketa burutu dira, Nafarroako Gobernuko 8 departamenturen parte-hartzeari esker.
Ezarritako jarduketei esker, honako hauek egin dira:
- estrategiak jasotzen dituen neurrien % 45 (aldi horretarako hasierako helburua % 30 bazen ere).
- 15 helburu espezifikoetatik 13.
- estrategiaren ardatz guztiak (5).
Inplementatutako jarduketen zerrenda osoa 2023-2025 aldiko inplementazio-prozesuaren jarraipen- eta ebaluazio-txostenaren I. eranskinean dago.
Hasieran aurreikusi gabeko jarduketak txertatzeak agerian uzten du ENEAS 2030 esparru malgu eta irekia dela, haren helburuekin bat datozen ekimen berriak integratzeko gaitasuna duena. Halaber, horrek erakusten du zer-nolako gaitasuna duen jarraipen-sistemak Administrazioaren hainbat alorretatik garatutako jarduketak identifikatzeko eta biltzeko. Jarraipen-sistema hori Ingurumen Hezkuntzaren Bulegoak bultzatu du, Koordinazioko Mahai Teknikoaren babesarekin.

