Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoa
Erlazionatutako edukiak:
Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoa 2018ko abuztuaren 29ko Gobernu bilkuran onetsi da, eta gida bat da Lanbide Heziketaren arloan garatu beharreko ekintzetarako; hala denez, arlo horretan Nafarroako Gobernuaren jarduketa eremua diseinatzeko funtsezko tresna gisa balio du; izan ere, hori elementu giltzarrietakotzat jotzen da biztanleria kualifikatua lortzeko ekoizpen eta zerbitzu sektoreen beharrei erantzuna eman diezaien eta, horrela, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak (S3) bilatzen dituen hazkunderako eta enplegua sortzeko helburuak lortzen lagun dezan.
Gainera, plan honek oso gogoan du Lanbide Heziketako sistemak erantzukizun handiari aurre egin behar diola, Lanbide Heziketaren gizarte eta hezkuntzaren arloko osagaiei dagokienez, baita gizarte eta lurralde kohesioan erabat laguntzeko beharrari dagokionez ere.
Plana hiru ardatzetan egituratu dago eta bertan garatu beharreko ekintzak daude. Zehaztutako hiru ardatzak hauek dira: Lanbide Heziketak laguntza ematea Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiari (S3); Gure gizartearen kohesioari eta jasangarritasunari balioa ematea; Lanbide Heziketa indartu eta etengabe eguneratzea.
Hiru ardatz hauetan garatu beharreko 16 helburu eta 57 jarduketa jasotzen dira, beren berariazko inpaktu-eragileekin.
- 1. ardatza: Lanbide Heziketak laguntza ematea Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiari (S3)- 5 helburu eta 21 jarduketa.
- 2. ardatza: Gure gizartearen kohesioari eta jasangarritasunari balioa ematea. 6 helburu eta 19 jarduketa.
- 3. ardatza: Lanbide Heziketa indartu eta etengabe eguneratzea. 5 helburu eta 17 jarduketa.
Planean bertan ezartzen den moduan, aurreikusitako jarduketen jarraipena planteatzen da “Aginte koadro” baten bidez, non kontrolatuko baita ekintza horiek noraino gauzatzen ari diren eta bete beharreko helburuak lortu diren. Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren ardura da prestatzea eta aldizka eguneratzea. Helburuen eta ekintzen jarraipena eta eboluzioa errazteko, horiek modu argian, bideragarrian eta errealistan definitu dira. Behar bezala kuantifikatu dira eta neurtzen ahal dira. Halaber, egoki erregulatzen dute denbora eta badute barne koherentzia atzemandako arazorik garrantzitsuenen eta arazoak konpontzeko planteatu diren helburuen artean.
Aurreikusitako jarraipen adierazleek aukera emanen dute jarduera gauzatuaren eta bere helburuen bilakaera ikusteko; halaber, kudeatzaileen, aktoreen eta ebaluatzaileen zerbitzura daude eta egokiak, garrantzitsuak, baliozkoak, fidagarriak, eraginkorrak, arinak eta interpretatzeko errazak dira; gainera, haien bilketa prozeduraren araberakoa da eta bermatua dago.
Jarraipen plan honen materializazioa zehaztuko da Jarraipenaren urteko txosten batean; txosten hori plana aplikatzen den urte bakoitzeko azken hiruhilekoan aurkeztuko dena eta ikasturte bakoitzari dagozkion adierazleen emaitzak jasoko ditu, denboralizazio hau hobeki egokitzen baitzaio txosten honen bidez egiten den jarraipeneko ekintzen garapenari. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak txostena aztertuko du, Lanbide Heziketaren arloan aholku emateko eta erakundeen nahiz gizartearen partaidetzarako den kide anitzeko organo gisa.