Nafarroako Ekoizpen Ekologikoaren Plan Estrategikoa
Erlazionatutako edukiak:
Parte-hartze publikoko prozesu baten bidez, Nafarroako nekazaritzako elikagai ekologikoen sektorearen beharrak eta lehentasunak detektatu dira, eta horietatik abiatu da, hain zuzen, Nafarroako Ekoizpen Ekologikoaren Plan Estrategikoa. Prozesu horretan parte hartu dute hala ekoizleen alderdiak (ekoizle ekologikoak, sektore ekologikoko elkarteak, nekazaritzako sindikatuak) nola sektoreko entitate garrantzitsuenek (CPAEN-NNPEK, INTIA, NUP, toki-ekintzako taldeak, eta nekazaritzako eta basozaintzako ikastetxeak).
Plan estrategiko hori sortu da, era berean, Europar Batasunak konpromisoa hartua duelako elikadura sistema jasangarri, osasungarri eta bidezko baterako trantsizioa bizkortzeko. “Etxaldetik mahaira” estrategia 2021ean onetsi zen, eta haren helburua da, batetik, elikadura-sistema jasangarriagoa, osasungarriagoa, bidezkoagoa eta erresilienteagoa bihurtzea eta, bestetik, ingurumenean eta kliman uzten duen aztarna murriztea. Helburu ditu, besteak beste, pestizida eta ongarri gutxiago erabiltzea, elikagaien segurtasuna zaintzea eta nekazaritza ekologikoa sustatzea. Horrela, lortu nahi du hemendik 2030era nekazaritza ekologikorako erabiltzea EBko nekazaritza-lurren % 25, gutxienez ere.
Nafarroako Gobernuak “Etxaldetik mahaira” estrategian ezarritako helburua bete nahi du, eta badaki Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean funtsezkoa dela ekoizpen ekologikoari laguntzeko politikak ezartzea, ekoizpen-eredu hori mantentzeko, operadore berriei ekoizpen-eredu horretan modu bideragarrian sartzen laguntzeko eta herritarren artean elikagai horien kontsumoa sustatzeko, sektorea gara dadin.
Planean zehaztu da zer ekintza bultzatuko diren hurrengo sei urteotan, eta ekintzok 5 ardatzetan banatzen ditu nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren kate osoa bilduta: ekoizpenetik kontsumora arte. Ardatz horiek dira:
- Belaunaldien arteko erreleboa eta nekazaritza ekologikorako trantsizioa sustatzea.
- Ezagutza transferitzea.
- Balio-katea egituratzea.
- Kontsumitzailearen konfiantza indartu eta kontsumi dezan sustatzea.
- Ekoizpen ekologikoaren ekarpenaren balioa azpimarratzea, bai nekazaritza-ekoizpena ingurumenaren aldetik jasangarria izatearen alde, bai landa-ingurunea garatzearen alde.
Jarraipena eta ebaluazioa
Bulego Teknikoa eratu da, zeinak helburu izanen baitu euskarri tekniko, metodologiko, administratibo eta operatiboa ematea, Plan Estrategikoa behar bezala exekutatzen eta gobernatzen dela bermatzeko, eta haren jarraipena behar bezala egiten dela ziurtatzeko. Bulegoaren ardura izanen da, halaber, xedatutako jarduketak eta horiek garatzeaz arduratuko diren eragileak koordinatzea.
Plana gauzatzen den bitartean, bi ebaluazio-mota hauek eginen dira:
- Urteko jarraipen-txostenak, zeinetan jasoko baitira ekitaldian gauzatutako jarduerak, lortutako emaitzak, azken horien balorazio teknikoa eta hurrengo ekitaldian garatu beharreko jarduketa-proposamenak.
- Planaren azken ebaluazioa.

