Nafarroako Gobernuaren Publizitate Instituzionaleko urteko plana 2019

2019rako Exekutiboak Publizitate Instituzionalaren Planak 18 kanpaina biltzen ditu Nafarroako Gobernua osatzen duten bederatzi departamentuei dagokien gaietan gizarteari informazioa eta kontzientziazioa zabaltzeko. Hirugarren urtez, Nafarroako Gobernuak publizitateko inbertsioaren aurreikuspen hau ezagutzera ematea erabaki du.

Plan hori finantzatzeko, Nafarroako Gobernuak 720.000 euro bideratuko ditu «Publizitate instituzionala» eta «Sare sozialetako publizitatea» izeneko gastu-partidetatik; azken hori berria da eta plataforma elektroniko horietan publizitatea kontratatzeko prozesua bizkortzeko sortu da. Gainera, plangintza horretatik kanpo, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak beste 60.000 euro gordeko ditu bat-batean sortutako publizitate-gastuak eta konpromiso txiki instituzionalak finantzatzeko. Departamentuek eta Exekutiboko erakundeek kanpaina horiek indartu edo bultzatzeko publizitateko beste ekintzak egin ahal izango dituzte beraien partidak erabiliz.

18 kanpaina horiek 40.000na euroko aurrekontua dute, eta departamentu bakoitzak bi sustatuko ditu, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak izan ezik, errentaren kanpainari buruzko informazioarena soilik sustatuko baitu. Gainera, beste kanpaina bat ere bada, izaera instituzionalekoa, herritarrek 2019ko Nafarroaren Eguneko ekitaldien egitarauan parte har dezaten sustatzeko. <

Gaiei dagokienez, eskaintza ezin zabalagoa izango da; besteak beste, eskola publikoa sustatzea; gazte-emantzipazioa bultzatzea; organoak, odola eta ehunak ematea; mendekotasuna duten pertsonak zaintzea; euskararen ospe soziala areagotzea; Nafarroako nekazaritza-elikagaien kontsumoa sustatzea; irakasleen ospea areagotzea; borondatezko lana sustatzea; kirolean balioak izatea; bide-segurtasuna areagotzea; indarkeria matxista saihestea; lan autonomoa sustatzea; informazio publikoa kontsultatzeko eskubideen inguruan kontzientziatzea; ibilgailu elektrikoak erostea; jokabide suizidak saihestea; eta kultura- eta sormen-industriak sustatzea.

Gaur onartutako Planak audientzia-kuota baizik ez du irizpidetzat hartu publizitateko inbertsioa hedabideen artean banatzerakoan, betiere, CIES, S.L. enpresak landutako 2018ko Nafarroako Hedabideetako Audientziaren Azterketaren arabera, horixe baita Foru Komunitatean laginketa-mailarik handiena duena.

Fitxa

Legealdia: 
2015-2019
Departamentua: 
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentua
Unitate arduraduna: 
Komunikazio zerbitzua
Tipo: 
Plana
Data azken gaurkotzea: 
2020/07/14, Asteartea