Nafarroako Ijitoen Garapenerako 2019-2022ko Estrategia
Erlazionatutako edukiak:
Nafarroako ijitoen garapenerako 2019-2022ko Estrategia 2019ko urtarrilaren 23ko Gobernu Bilkuran onetsi zen.
Estrategia horren jarraipenarekin eta ebaluazioarekin bi helburu lortu nahi dira: alde batetik, baloratzea noraino bete diren aurreikusitako helburu eta neurriak, neurri bakoitzean ezarritako jarraipen adierazleen bidez, eta, bestetik, jakitea zein inpaktu duen Estrategiak neurrien hartzaileengan; horretarako, aztertuko da inplementatutako neurrien eraginkortasun, efizientzia, kalitate eta egokitasuna neurtzeko bidea ematen duen informazioa.
Estrategia hau sartuta dago Gizarteratzeko Plan Estrategikoan, eta plan horren planteamenduari jarraikiz, hiru ardatz aipatzen dira jarraipenari eta ebaluazioari begira:
Prozesuen jarraipena eta ebaluazioa.
Lehen ardatz honen gidaria izanen da Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusia. Estrategiaren garapenean inplikatuta dauden gainerako erakundeekin batera, etengabe jasoko da informazioa prozesuaren adierazleak aztertu ahal izateko; adierazle horiek, bestalde, esparru bakoitzeko plangintza tauletan daude jasota.
Eskubide Sozialetako Departamentuak gidatuko du ekintza maila hau eta Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuen lankidetzarekin eginen da. Estrategia honetako neurrien ebaluazioa ere barruan dago, eta hiru faktore hauen arabera eginen da:
- Helburuak lortzea
- Gastua exekutatzea
- Egutegia betetzea
Eginkizun hori errazteko, Estrategia honetan taula bana dago jarduketa eremu bakoitzean; bertan honako hau zehazten da: ezinbestekoak diren aurrebaldintzak, inplementatu beharreko jarduketak, horiek gauzatzeko ardura duen erakundea, ebaluatzeko kontuan hartu beharreko adierazleak, estandarrak (2022rako aurreikusita dauden lorpenak), ebaluaziorako epea eta ezarritako aurrekontua.Urteko ekitaldi bakoitzean aldi horretan ezarritako neurrien betetze-mailari buruzko informazioa aztertuko da eta betetzearen gaineko txostena eginen da, Estrategiaren jarraipenean ardura duten erakundeen esku egonen dena.
Estrategiak indarra hartu eta handik bi urtera idatziz zehaztuko da garatutako neurrien prozesuari eta inpaktuari buruzko laburpena, egokitzat jotzen diren aldaketak sartuta.
Emaitzen ebaluazioa.
Bigarren ardatz honen gidaria izanen da Errealitate Sozialaren Behatokia. Ikerketa prozesuak jarri beharko dira abian, emaitza adierazleak aztertu ahal izateko, esparru bakoitzeko plangintza tauletan jasota baitaude. 2020an inkesta kuantitatibo eta kualitatiboa eginen da, Estrategia honen inpaktua ezagutzeko, eta hartan genero ikuspegia sartu beharko da.
Jarduketa esparru bakoitzean aurreikusita dauden jarraipen adierazleez gain, estandar sail bat proposatzen da, 2022rako lortu beharrekoen neurketa egiteko; horrela, Estrategian aurreikusitako neurrien inpaktua balioetsiko da. Inpaktu adierazleak definitu dira Estrategiako arlo bakoitzean planteatu diren gauzatze helburuen bidez.
Esparrua Helburu orokorra Adierazleak Enplegua Gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonentzat enplegu aukerak sortzea Iraupen luzeko langabezia tasa (G/E)
Diru-sarrerarik gabeko etxeen tasa
Langabezia tasa jatorriaren arabera
Ekonomikoa Pobreziaren tasa murrizteko behar diren baldintzak sustatzea Pobrezia larriaren tasa, atalase autonomiko egonkorrarekin (G/E)
Pobrezia arriskuaren tasa (erlatiboa) (G/E)
EB jasotzearen tasa, biztanleria osoarekiko
Etxebizitza Etxebizitza egokia bermatzea pertsona guztiei Etxebizitza eskuratzeko beharra duten pertsonak
Osasuna Bazterketa prozesuetan dauden pertsonen osasunerako eskubidea erabat eraginkorra dela bermatzea Depresio eta/edo antsietate aldietako adierazlea, alderatuz Gizarteratze-errenta jasotzen duen biztanleria Nafarroako gainerako biztanleekin, adin eta sexu taldeka.
Hezkuntza Aukera berdintasuna bermatzea hezkuntza esparruan Eskola-uzte goiztiarraren tasa
Haurren eskolatzearen tasa gordina
Ikastetxeen indize sozioekonomikoa
Ebaluazio parte-hartzailea.
Hirugarren ardatz honen gidaria izanen da Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusia. Horren bidez parte hartze prozesuak jarriko dira abian, inplikatuta dauden eragileen balorazioa eta proposamenak biltzeko; eragile horiek dira erakunde eta entitate sozialen ordezkariak, esparru desberdinetako profesionalak, ijito elkarteen ordezkariak, Estrategiarekin lotutako zerbitzuak erabiltzen dituzten ijitoak eta abar.
Nahiz eta betetzeari buruzko txostena eginen den urtero, 2021ean tarteko ebaluazio zabalagoa eginen da, eta 2023an amaierako ebaluazioa.
Ijitoen Nafarroako Kontseiluak rol garrantzitsua izanen du Estrategiaren jarraipenean eta ebaluazioan. Urteroko txostenak, betetzeari buruzkoak, jaso eta aztertu beharko ditu; baita tarteko eta amaierako ebaluazioen txostenak ere.
Estrategia hau sortu zenean sustatu ziren parte-hartzeko ardatzei jarraitutasuna eman nahi zaie; izan ere, inplikatutako eragileak izan daitezke, alde batetik, betetzearen ebaluatzaileak eta gizarteratzearen arloko ekintza publikoa etengabe berrikusteko lerro baten sustatzaileak:
Hartara, urtero bildu behar dira honako batzorde eta lan talde hauek:
- Administrazioarteko Batzordea, Eskubide Sozialetako Departamentuak gidatzen du eta honako hauek osatzen dute: Nafarroako Gobernuko departamentuen ordezkariak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat, eta Iruñeko eta Tuterako udalen bi ordezkari, biztanle gehien duten herriak baitira. Xedea da aztertzea departamentuetatik Foru Komunitate osoan detektatu diren beharrak, baita lurralde desberdinetan izan daitezkeen berariazko beharrak ere.
- Departamentu arteko lan saioak. Eskubide Sozialetako Departamentuak gidatuak dira eta Nafarroako Gobernuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuko, Etxebizitza Zerbitzuko, Ogasun Departamentuko, Hezkuntza Departamentuko, Osasun Departamentuko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko arduradunak daude.
- Talde fokalak, ijitoekin lan egiten duten gizarte entitateekin: “Gaz kaló” Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioa, “La Majarí” Nafarroako Ijitoen Elkartea, “La Romaní” Tuterako Ijitoen Elkartea eta Ijitoen Idazkaritza Fundazioa.
- Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako lan taldea, Gizarte Zerbitzuen alor bakoitzeko ordezkari tekniko batek osatua.
- Lan saio sektorialak (Etxebizitza, Enplegua, Osasuna, Hezkuntza, Gizarte Zerbitzuak) Administrazio Publikoa (Nafarroako Gobernua eta toki entitateak)/ Hirugarren sektorea.
- Gizarte Zerbitzuak erabiltzen dituzten ijitoak.
Helburua da Nafarroako ijitoen garapenarekin eta gizarteratzearekin lotura duen berrikuspen lerro iraunkor bat mantentzea, lau urtetik behin egiten den plangintzaz gain eraldaketa sozialeko dinamikei berehala erantzunen dien lan aktiboko lerro bati bide emateko.