Pertsona Migratzaileei Harrera Egiteko Nafarroako Plana (2021-2026)
Erlazionatutako edukiak:
Pertsona Migratzaileei Harrera egiteko Plana onetsi zen Nafarroako Gobernuak 2021eko abenduaren 29an hartutako erabakiaren bidez.
Migrazioaren fenomenoa kontuan hartuta, eta Plan hau prestatzeko egindako partaidetza-prozesuan oinarrituta, harrera hitzaren definiziotzat hau hartzen da: “Lurralde batera iristen direnen premiak betetzeko eta nahiak kontuan hartzeko beharrezkoak diren elementuak ematen dituen prozesua. Berekin dakar diziplina anitzeko esku-hartze sozial eta psikosozial bat garatzea, hartutako pertsona erabat gizarteratzera bideratua, eta baliabide eta tresna espezifikoak behar dituena, kulturarteko ikuspegi batetik sortuak, genero-ikuspegidun metodologia bat aplikatuz, eta lurraldeko biztanle guztientzat dauden zerbitzuen egokitzapena barne hartzen duena”.
Definizio horretatik abiatuta, eta kontuan hartuta Nafarroako harreraren egoerari buruzko diagnostikoaren ondorioak, plana honela egituratzen da: zeharkako ardatz estrategikoak, lehentasunezko jarduketa-ildoak, helburu espezifikoak eta gure lurraldera iristen diren migratzaileei harrera egiteko espazio eta prozesu eraginkorra garatzera bideratutako neurriak. Lehentasunezko ildoek honako hauei egiten diete erreferentzia: 1- Informazio, orientazio, eta hizkuntzen ikaskuntzarako zerbitzuak eta zerbitzu orokorretarako sarrera ematea; 2- Ekintza komunitarioa eta aliantza estrategikoak eta maila anitzekoak; 3- Esparru juridikoa, administratiboa eta kontzeptuala; 4- Kultura- eta kulturarteko konpetentzietan prestakuntza ematea; 5- Familia-unitateekin egindako prozesu integralak, haurtzarotik, nerabezarotik eta gaztarotik; 6- Nazioarteko babesa eskatzen eta jasotzen duten pertsonak hartzea; 7- Ostatu-premiei erantzutea; 8- Osasunaren prebentzioa eta tratamendu integrala; eta 9- Lan-mundurako sarbidea.
Aurreikusitako ekintzak jorratuko dira eskubideen ikuspegia oinarri hartuta, bai eta ikusmolde hauetatik ere: kulturartekoa, generokoa eta intersekzionala.
Gobernantza, jarraipena eta ebaluazioa:
Bultzatu nahi den gobernantzak apustua egiten du maila anitzeko aliantzak ezartzearen eta erronkei elkarrekin eta elkarlanean aurre egitearen alde, migrazio-prozesuei lotutako eragileak inplikatuz. Horrela, planteatzen da ekintza-prozesu bakarra, non lerrokatuak gelditzen baitira Pertsona Migratzaileei Harrera egiteko Plana, Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategia eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Plana.
Harrera plana sistematikoki inplementatuko da urteko plan operatiboen (UPO) bidez; horietan jasoko dira aldi horretan gauzatu beharreko ekintzak. Plan Operatiboek gauzatze- eta emaitza-adierazleak jasoko dituzte eginen den ekintza bakoitzerako, jakiteko zein punturaino bete diren aurreikusitako ekintzak eta zein diren horien emaitzak. Informazio hori urteko jarraipen-txostenean jasoko da.
Bi planen eta estrategiaren jarraipena egiteko, egitura komun bat sortuko da, informazioa emateko eta parte hartzeko hainbat gune izanen dituena:
- Erakundeen harremanetarako gunea
- Teknikarien harremanetarako gunea
- Departamentuen eta administrazioen arteko gune teknikoa
- Gizarte-erakundeen/elkarteen gune teknikoa
- Herritarren harremanetarako gunea
Urteko plan operatiboetan zehaztuko da nola funtzionatuko duten gune horiek. Gainera, Harrera Planak bi ebaluazio-une espezifiko aurreikusten ditu: bitarteko ebaluazio bat, planaren aplikazioaren erdibidean, eta amaierako ebaluazioa indarraldia bukatzean.
Kontuak emateko gune horretan, planak jasotzen dituen konpromisoen gainean egindako aurrerapenen berri ematen da.
Fitxa
Garatutako ekintzak
2023
Pertsona Migratzaileei Harrera egiteko Plana ezartzeko eta horren jarraipena egiteko, Urteko Plan Operatiboak (UPO) egiten dira; horietan, neurriak ekintza espezifikoetan banatzen dira, garatu behar dituzten erakundeen lana errazteko. Lan-metodologia horri jarraiki, 2023aren hasieran, urte horri zegokion Plan Operatiboa egin zen, Administrazioaren barneko lan-dokumentua izanik.
• Harrera Planaren 2023 urtearen Plan Operatiboari dagokion Jarraipen-Txostena aurkezten dugu. Bertan zehazten dira planifikatutako ekintzen gauzatze-maila, ekintza bakoitzari lotutako aurrekontua eta Nafarroako Gobernuko sailek 2023an egindako lanaren berri ematen duten beste datu batzuk.
• 2023an, 4 bilera egin dira Harrera Planaren, Kulturen arteko Bizikidetza Estrategiaren eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Planaren gobernantzarekin lotutako parte-hartze espazioetan. Bata, espazio instituzionalari dagokiona; bat, sail arteko eta administrazio arteko espazio teknikoari dagozkionak; bat, gizarte-erakundeen espazio teknikoari dagokiona; eta bestea, herritargoari dagokiona.
2022
Pertsona Migratzaileei Harrera egiteko Plana ezartzeko eta horren jarraipena egiteko, Urteko Plan Operatiboak (UPO) egiten dira; horietan, neurriak ekintza espezifikoetan banatzen dira, garatu behar dituzten erakundeen lana errazteko. Lan-metodologia horri jarraiki, 2022aren hasieran, urte horri zegokion Plan Operatiboa egin zen, Administrazioaren barneko lan-dokumentua izanik.
• Harrera Planaren 2022 urtearen Plan Operatiboari dagokion Jarraipen-Txostena aurkezten dugu. Bertan zehazten dira planifikatutako ekintzen gauzatze-maila, ekintza bakoitzari lotutako aurrekontua eta Nafarroako Gobernuko sailek 2022an egindako lanaren berri ematen duten beste datu batzuk.
• 2022an, 5 bilera egin dira Harrera Planaren, Kulturen arteko Bizikidetza Estrategiaren eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Planaren gobernantzarekin lotutako parte-hartze espazioetan. Bata, espazio instituzionalari dagokiona; bi, sail arteko eta administrazio arteko espazio teknikoari dagozkionak; bat, gizarte-erakundeen espazio teknikoari dagokiona; eta bestea, herritargoari dagokiona.