Nafarroa OGPn - Gobernu Irekirako Aliantza

Nafarroa Open Government Partnership – Gobernu Irekirako Aliantzan parte hartzeko hautatu dute. Nazioarteko erakunde horrek erreforma handiak bultzatzen ditu erakundeen egituren barruan eta horietatik kanpo, herritarren beharrei hobeki erantzuteko. 

Nafarroa da aliantza horretan sartzeko azken deialdian hautatutako Estatuko autonomia-erkidego bakarra. Bertan mundu osoko 55 eskualde onartu dira. Horrela, Foru Komunitateak bat egiten du herritarrekin eta gizarte zibileko erakundeekin lan egiten duten liderren sare batekin, beren tokiko testuinguruetara egokitutako ekintza planak aplikatzeko, gobernu irekiaren ikuspegiak erabiliz. 

Foru Komunitatea OGPn sartzeko hautatua izan da, besteak beste, irizpide hauengatik: "goi-mailako konpromiso politikoa, jurisdikzioak gobernu irekiaren erreformetan izan duen historiala eta tokiko gizarte zibilarekin duen inplikazioa". Gainera, beste faktore batzuk ere hartu dira kontuan eskualde askotariko talde bat ziurtatzeko, entitate mota eta tamaina desberdinekoa, eta Tokiko OGP programaren helburuak osatzeko indarguneak dituena. 

Foru Komunitatea aliantza horretan sartu da, sartzeko deialdi batean parte hartu ondoren. Deialdi horrek eskaera asko jaso ditu eta puntu hori nabarmendu du erakundeak Nafarroako Gobernuari bere hautagaitza onartu dela jakinarazi dionean.

 

OGP sare globala da, 2.000 milioi pertsonako eremua hartzen duena

Estatu Batuetako presidente ohi Barack Obamak eta munduko beste lider batzuek 2011n sortu zuten aliantza, parte-hartzearen, lankidetzaren eta gardentasunaren bidez demokraziak indartzeko. Sare global horrek tokiko eta estatuko 150 gobernu baino gehiago eta gizarte zibileko 3.000 erakunde baino gehiago ditu, kontinente guztietako 76 herrialdetakoak, 2.000 milioi pertsona baino gehiago biltzen dituztenak. 

Erakunde horretan sartuta, Nafarroak konpromisoa hartzen du gobernua irekitzeko ekintzak ezartzen jarraitzeko, gizarte zibileko ordezkariekin lankidetzan. 

Lan hori egiteko, Nafarroako Gobernuak Gobernu Harremanetarako Puntu (POC) bat eratu du, eta Gobernuak aliantzaren estatuko eta nazioarteko jardueretan duen parte-hartzea koordinatzeaz arduratuko da. Gainera, gizarte zibilaren puntu bat ere aukeratuko da harremanetan jartzeko. Bi eragileek erakundeak aurreikusitako informazio- eta trebakuntza-saioetara joan beharko dute. Saio horiek datorren ekainean hasiko dira, eta Tokiko OGPren lehen ekintza-plana sustatzeko balioko dute.  

 

OGP Lokala 2016tik

Tokiko OGP 2016an abiarazi zen, zerbitzu publikoak ikuspegi hurbilago, gardenago eta partizipatiboago batetik hobetzeko programa pilotu gisa. 2024ra arte, Tokiko OGPko kideek 120 ekintza-plan baino gehiago sustatu dituzte elkarrekin, eta gobernu irekiaren 475 ekimen baino gehiago gauzatzeko konpromisoa hartu dute.

Zabaltzeak OGPren 2023-2028 Estrategian ezarritako helburu nagusietako bati erantzuten dio, zeinak gobernu irekia gobernuaren maila eta esparru guztietan integratzearen alde egiten baitu.

Aliantzak espazio bat eskaintzen du gobernu irekiko liderrek beren testuinguruetan aldaketa bultzatuko duten koalizioak sortzeko. Herritarrei politika hobeak eskaintzera bideratutako esperientzien trukerako eta lankidetzarako plataforma gisa funtzionatzen du

 

Gobernu Irekirako Aliantzarako Ekintza Plana

OGPn parte hartzeko, bi urterako ekintza-plan bat prestatu eta garatu behar da. Erakundeekin eta gizarte zibilarekin (elkarteak eta elkarteetatik kanpoko jendea) batera sortuko da plana, lankidetzan.

Ekintza-plana tresna egokia izanen da gobernu irekiaren ildo estrategikoak indartuko dituzten proiektuak sendotzen eta garatzen laguntzeko. Gobernu Irekiaren ikuspegi estrategikoa jasoko du, baita hiru konpromiso zehatz ere, zeinak monitorizatu eta ebaluatuko baitira hurrengo bi urteetan.

 

2024/06/25, Asteartea