Nafarroak diagnostiko bat bultzatu du, parte-hartze inklusiboago baterantz aurrera egiteko

Prozesu horren helburua da pertsona eta kolektibo jakin batzuen parte-hartzea zailtzen duten oztopoak identifikatzea, eta proposamenak biltzea, parte hartzeko prozesu inklusiboagoetarantz aurrera egiteko.

 

Denok parte har dezakegu baldintza beretan? Herritarren parte-hartzeari esker, pertsonek eta kolektiboek iritzia eman, eztabaidatu eta eragina izan dezakete, haiei buruzko gai eta erabakietan. Hala ere, parte hartzeko aukera eskaintzeak ez du esan nahi pertsona guztiek baldintza beretan parte hartzeko aukera dutenik.

Horregatik, Nafarroako Gobernuko Herritarren Partaidetzarako eta Boluntariotzarako Atala diagnostiko bat egiten ari da Nafarroako parte-hartze inklusiboari buruz, jakiteko zer oztopo dauden eta zein diren horiek gainditzen laguntzeko baldintzak. Helburua da prozesu horietatik kanpo gelditu ohi diren gizarte-taldeekin lotutako pertsonei, erakundeei, kolektiboei, elkarteei eta profesionalei entzutea bereziki.

Parte hartu nahi izateak ez du beti esan nahi parte har dezakegunik.

Azterketa honetan proposatzen da parte-hartzea lau dimentsiotatik begiratzea, parte hartzeko behar diren baldintzak benetan hor dauden jakin ahal izateko:

 

NAHI IZATEA

Zerk mugitzen gaitu parte hartzera?

AHAL IZATEA

Nahi izan arren, benetan ahal dugu?

JAKITEA

Badakigu nola parte hartu?

Prozesuaren PARTE SENTITZEA

 

Parte hartzen dugunean, espazio hori gurea ere badela sentitzen dugu?

Baldintza horietako bat ez denean betetzen, pertsona eta kolektibo jakin batzuk kanpoan geldi daitezke. Prozesua oinarrizko ideia honetatik abiatzen da: parte-hartze inklusiboago baterantz aurrera egiteko, ez da nahikoa parte hartzeko guneak sortzea; horretaz gain, guztiok baldintza beretan parte hartzea zailtzen duten oztopoak identifikatu eta murriztu behar dira. 

 

Oztopo gehien aurkitzen duten horien esperientzia bereziki garrantzitsua da

Prozesuak esperientziak eta iritziak bildu nahi ditu, hobeki jakiteko zergatik parte hartzen duten batzuek eta beste batzuek ez, zer oztopo dauden eta zer baldintzek lagun dezaketen oztopo horiek gainditzen.

Ez da beharrezkoa espezialista izatea, ezta parte hartzeko prozesuetan aldez aurretik esperientziarik izatea ere. Hain zuzen ere, kanpoan geratzen direnei edo parte hartzeko zailtasun handienak dituztenei entzun nahi zaie bereziki, ezagutza baliotsua ematen ahal baitigute zer aldatu behar dugun identifikatzeko.

 

Parte hartzeko bi modu

Interesdunek bi modutan egin ditzakete ekarpenak:

  • "Parte hartu, Nafarroa!" plataformaren bidez, beren esperientzia eta iritzia utzi dezakete: haien ustez nor gelditu ohi den kanpoan, zer oztopok zailtzen duen parte-hartzea eta zerk lagun dezakeen hura hobetzen.
  • Saioetan eta taldeetan parte hartuz, aurrez aurre edo online, gai horiei buruz hitz egiteko. 

Prozesua irekita dago 2026ko urriaren 9tik 31ra.

"Parte hartu, Nafarroa!" plataformaren webgunerako estekaren bidez sar zaitezke.

 

Ekarpenetatik gida praktikora

Jasotako esperientziek eta proposamenek diagnostikoa egiteko balioko dute eta, lortutako emaitzetatik abiatuta, Parte hartzeko prozesu inklusiboen gida bat eginen dugu, parte hartzeko prozesu inklusiboagoak diseinatzen laguntzeko. Prozesuaren emaitzen berri ematea ere aurreikusita dago.

 

Azken batean, diagnostikoak galdera erraz bat planteatzen du, parte-hartzea nola diseinatzen dugun berrikusten laguntzen ahal diguna:

Zer behar dugu parte hartu NAHI izateko, AHAL izateko, parte hartzen JAKITEKO, eta, gainera, prozesuaren PARTE SENTITZEKO?

En definitiva, el diagnóstico plantea una pregunta sencilla que puede ayudarnos a revisar cómo diseñamos la participación:

¿Qué necesitamos para QUERER, PODER y SABER participar y, además, SENTIRNOS PARTE?