Nafarroako esperimentazio eta herritarren lankidetzarako laborategien ekimena irailaren 16an aurkeztuko da jendaurrean


 

Heldu den irailaren 16an, 13:00etan, Nafarroako Herritarren Esperimentazio eta Elkarlanerako Laborategien Sarea aurkeztuko da jendaurrean, NAPIren Pio Baroja aretoan, Iruñean (Navarreria kalea 39). Ekitaldian, lehenbiziko esperientzia pilotu honetan parte hartuko duten hamar laborategien ideia-deialdiak ere aurkeztuko dira, eta laborategi bakoitzaren aurkezpen labur bat eginen dute horiek sustatzen dituzten erakundeek.

Ekimena bultzatzen du Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak. Konpromiso hori jasotzen da bai Gobernu Irekiaren II. Planean (2025-2028), bai Gobernu Irekirako Aliantzarako Nafarroako Gobernuaren I. Planean. Helburua da Nafarroan esperimentaziorako eta lankidetza komunitariorako guneen sare bat sortzea. Deialdia zuzendu zitzaien herritarren laborategiak martxan jartzeko interesa duten erakundeei, elkarteei, enpresei eta kolektiboei, elkarbizitza hobetzen lagunduko duten lankidetza-proiektuak garatzeko.

Zer dira herritarren laborategiak?

Herritarren laborategiak dira esperimentaziorako, elkarlanerako eta ikaskuntza kolektiborako gune irekiak. Horietan, askotariko pertsonak eta erakundeak biltzen dira erronkak identifikatzeko, ezagutzak partekatzeko eta proiektuak eta irtenbideak elkarrekin garatzeko.

Haien metodologiak helburu du lurralde batean dauden gaitasunak eta esperientziak harremanetan jartzea, eta elkarlana bultzatzea herritarren, elkarteen, erakundeen, profesionalen, ikertzaileen eta beste eragile batzuen artean. Horregatik, laborategiek ez dute zertan abiatu aurretik zehaztutako proiektuetatik; orain aurkezten diren deialdiek aukera emanen dute lan-prozesuetan ideia eta pertsona berriak sartzeko.

Azken hilabeteotan, hautatutako hamar laborategiek lagun-egiteko prozesu batean parte hartu dute beren helburuak, erronkak eta lan-eremuak zehazteko, balizko laguntzaileak identifikatzeko eta ideia-deialdiak prestatzeko. Laborategien arteko topaketei esker, gainera, hauteman da zer interes partekatzen dituzten eta zertan aritzen ahal diren elkarlanean.

Hamar laborategi, hamar esperimentazio-eremu

Bai erakunde publikoek bai gizarte zibileko erakundeek sustatutako hamar ekimenek osatzen dute sarea. Haien lan-eremuek islatzen dute Nafarroan dauden erronken eta aukeren aniztasuna: zaintza eta osasun komunitarioa, haurtzaroa eta nerabezaroa, kultura eta ondarea, boluntariotza, ekonomia zirkularra, berrikuntza soziala eta teknologia.

Hauek dira hamar laborategiak:

  • Urdiaingo ondare immateriala berreskuratzea: Urdiaingo Liburutegi Publikoak sustatua da, eta herriko karobien berreskuratze komunitarioa du ardatz.Auzokideen arteko Laguntza-sarea Elkarrekin Sortuz: Andiako Mankomunitatearena, elkarri laguntzeko eta elkar zaintzeko sare komunitarioak indartzeko.
  • “Istorio pizgarriak: kultur erantzunen eta partaidetza kolektiboaren laborategia”: Escenika Kultur Elkarteak sustatua; sorkuntza eszenikoa eta herritarren parte-hartzea aztertzen ditu.
  • CircularLab Navarra: Koine-Aequalitas Fundazioarena; helburu du aztertzea zer aukera ematen dituen ekonomia zirkularrak gizarte-inklusiorako eta enplegu-aukerak sortzeko.
  • Herritarren laborategia, familian eta komunitatean hazteko eskubidearen alde: Magale Elkarteak sustatua; prebentzioa, sentsibilizazioa eta familia harreragileendako laguntza ditu ardatz.
  • Plaza On, Iruñeko Udalarena, auzoetan boluntariotza- eta lankidetza-sare komunitarioak sortzera eta indartzera bideratua.
  • Hiriartea, hau ere Iruñeko Udalak sustatua; kultura-bitartekaritzako eta herritarrek parte hartzeko prozesu bat garatuko du Ziudadelaren inguruan.
  • “Sarrigureneko VidAAs Herritarren Laborategia: Berrikuntza komunitarioa eta esperimentazio teknologikoa”: pVidAAsek sustatua; helburu du berrikuntza teknologikoa, berrikuntza soziala eta parte-hartze komunitarioa lotzea.
  • REDES. SAREAK: Nafarroako Gobernuak bultzatua, Estellerrian zaintza-sare komunitarioak indartzeko.
  • Osasuna haurtzaroaren eta nerabezaroaren ikuspegitik: Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak sustatua; helburu du osasunarekin lotutako ekimen eta politiken diseinuan haur eta nerabeen ikuspegia txertatzea.
     

Laborategietatik sei erakunde publikoek sustatuak dira, eta beste lauak, gizarte zibileko erakundeek. Gehienak Iruñerrian daude, baina sareak Nafarroako beste eremu batzuetako ekimenak ere biltzen ditu.

Esperimentatzeko eta elkarlanean aritzeko sarea

Irailaren 16ko aurkezpenarekin, proiektuaren fase berri bat abiatuko da. Ordutik aurrera, ideia-deialdiei esker, herritarrek, kolektiboek eta erakundeek proiektuak proposatzen ahalko dituzte, eta hamar laborategietako esperimentazio-prozesuetara batzen ahalko dira.

Nafarroako Herritarren Esperimentazio eta Elkarlanerako Laborategien Sarearen aurkezpen publikoa
2026ko irailaren 16an, 13:00etan
Pio Baroja aretoa, NAPI · Navarreria kalea 39 · Iruñea

Informazio gehiago: participacionciudadana@navarra.es, 848425443