EDUCA-DATAren bidez, datu irekien garrantzia helaraziko zaie ikasleei eta herritarrei

Maiatzaren 8an aurkeztu zuten hezkuntza-proiektua, Iruñean. Hain zuzen, datu ireki publikoak erabiltzen eta berrerabiltzen ikastea du helburu, eta, halaber, konpetentzia digitalak, datuen arloko alfabetatzea eta pentsamendu kritikoa areagotzea

 

Joan den maiatzaren 8an, Iruñeko katedraleko errefektorioan aurkeztu zuten EDUCA-DATA, datu ireki publikoak erabiltzen eta berrerabiltzen ikasteko hezkuntza-proiektua. Proiektuaren bidez, ezagutza horiek zabaldu nahi dituzte prestakuntza arautuko ikasleen eta, oro har, herritarren artean, hainbat material didaktikoren bidez (bai hezkuntza arlokoak, bai ikaskuntza autonomoan erabiltzen ahal direnak).

Hain zuzen, "Ikasi eta ekin" lelopean egindako Datu Irekien Estatuko V. Topaketan (ENDA) proposatutako erronkaren emaitza da EDUCA-DATA proiektua. Azken urte honetan, datuen eremuko, arlo akademikoko eta administrazio publikoko profesionalak elkarlanean aritu dira, datu irekiekin lotutako kontzeptu nagusiak modu erraz eta praktikoan ulertzeko tresna bat sortzen.

Hala, proiektuaren bidez, datu irekien ekosistemak aurrean duen erronka nagusietako bati heldu nahi zaio: ekosistema hori hobekiago zabaltzea eta gizarteari haren garrantzia ulertzen laguntzea.

Nagusiki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleei zuzenduta daude landutako materialak, baina egokiak dira datu irekien munduan murgiltzen hasi nahi duen edonorentzat ere. Proiekturako sortu den dokumentazioa publikoa da; horien artean, ikasgelan nahiz ikaskuntza autonomoan erabiltzen ahal diren baliabide egituratuak.

Proiektuaren dokumentazio guztia eskuragarri dago Datu Irekien Estatuko Topaketaren webgunean, 5. erronka. EDUCA-DATA: Ikasi eta hasi negozioak datu irekiekin atalean. Besteak beste, material hauek daude atal horretan: aurkezpena, dokumentu teorikoa, irakasleen gida eta laguntza-artxiboak. https://encuentrosdatosabiertos.es/retos/.

Horrez gain, estatuko datos.gob.es atarian, proiektuaren edukien eta nondik norakoen berri ematen da, eta, halaber, proiektuaren garrantzia nabarmentzen da, datu irekien kultura hezkuntzan txertatzeko eta herritarren gaitasuna areagotzeko egungo erronka digitalen aurrean. https://datos.gob.es/eu/conocimiento/educa-data-los-datos-abiertos-en-las-aulas.