Nafarroak talentu digitala sustatzen du: Datu Irekien Estatuko V. Topaketan, datuen arloko prestakuntzaren eta ekintzailetzaren aldeko apustua eginen da

 

Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren bidez, Datu Irekien Estatuko V. Topaketa antolatuko du aurten. Estatu-mailan erreferentziako hitzordua da datu irekien inguruko ezagutza, esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko. Aurreko edizioak hainbat lurraldetan egin dira –azkena Kanarietan izan zen–, eta orain Nafarroak hartu du lekukoa: topaketa Iruñeko katedraleko errefektorioan eginen da 2026ko maiatzaren 8an.

“Ikasi eta ekin” lelopean, bosgarren edizio honetan aintzat hartuko da nolako balioa duten datu irekiek, benetako aukerak sortzeko tresna izan baitaitezke, besteak beste, hezkuntzan, ekintzailetzan, enpleguan eta berrikuntza publikoan. Topaketan, estatu guztiko administrazio publikoak, unibertsitateak, enpresak eta erakunde espezializatuak bilduko dira, batera lan egiteko eta hausnartzeko gune batean.

V. Topaketan, partaidetzazko lan-mahaiak izanen dira, eta, besteak beste, gai hauek landuko dira: hezkuntzaren, ekintzailetzaren eta enpleguaren arteko harremana; administrazio publikoek datuen barne- eta kanpo-berrerabileran duten zeregina; datu irekietan oinarritutako ekintzailetza bultzatzea; datuek hezkuntzaren esparruan duten balioa; eta datu irekien politiken bilakaera.

Hainbat lurraldetan lau edizio egin ondoren, Topaketa hau gero eta gehiago hazten ari da, eta topagune ibiltaria da, datuaren ekosistemako erakundeen eta eragileen arteko lankidetza sustatzeko. https://encuentrosdatosabiertos.es webgunean kontsultatu daitezke aurreko edizioak eta deialdi berri honetako informazio eguneratua –programa, hizlariak eta izen-emateak–..

Iruñeko edizio hau ingurune berezi batean eginen da, eta Nafarroako Gobernuak berretsiko du gardentasunaren eta gobernu irekiaren aldeko konpromisoa duela, eta datu irekiak erabili asmo dituela gizartea eta ekonomia eraldatzeko.