Nafarroako Haur eta Nerabeen Partaidetzarako Organoen II. Topaketa

Nafarroako Haur eta Nerabeen Partaidetzarako II. Topaketaren bidez, oinarriak ezartzen aurrera egin nahi da, haurrek eta nerabeek eragiten dien guztian parte hartzeko duten eskubidea gauzatzen laguntzeko.
 
Bigarrenez elkartuko dira Nafarroako Foru Komunitateko udaletako partaidetza-organoetako haurrak. Bigarren edizio honetan, OPINA SAREA osatzen duten 10 udalek parte hartuko dute (Nafarroako haurren partaidetzarako organoen sarekoak, alegia). Honako hauek dira: Barañain, Beriain, Castejón, Cintruénigo, Faltzes, Mendabia, Orkoien, Iruña, Viana eta Zizur Nagusia.
 
Lan-esparru bat sortu nahi da, haurren eta nerabeen parte-hartzeari jarraipena emateko tresna izan dadin. Asmoa da topaketak bi urtean behin egitea. Edizio hau Vianan izanen da, eta herriko udalak hartuko ditu parte-hartzaileak.
 
María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria izanen da ekitaldiaren buru, eta jardunaldiaren hausnarketa-gai nagusia izanen da etorkizuneko Haur eta Nerabeen Partaidetzarako Nafarroako Kontseiluaren eraketa. Asmoa da haurrek Nafarroako parlamentariekin batera eztabaidatzea eta hausnartzea, lantaldetan.
 
Eztabaida-mahaietatik jasotzen diren ekarpenak Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentura igorriko dira, baita Eskubide Sozialetako Departamentura ere, bi unitate horiek baitute Haur eta Nerabeen Partaidetzarako Nafarroako Kontseilua eratzeko eskumena. Halaber, ondorioak igorriko zaizkie parte hartzen duten udalerriei eta UNICEFi, erakunde laguntzailea baita.