Open Data edo datuen irekiera ekimena administrazio publikoetako zenbait datu eta informazio irisgarriak izatea eta mundu guztiarentzat eskuragarri egotea bilatzen duen filosofia eta praktika da, murrizketa teknikorik eta lege-murrizketarik gabe. Open Data ekimenaren helburua herritarrek nahiz enpresek informazioa berriro banatu eta berrerabili ahal izatea da, alderdi guztientzako onura lortzeko.
Administrazioko datuetarako sarbidea izateak gardentasuna bermatzen du, zuzenean iturri ofizialetatik etorritako datuetarako sarbidea baita.Eraginkortasuna eta aukera-berdintasuna ere bultzatzen da; izan ere, herritarrek eta enpresek beren beharrei erantzuteko zerbitzuak sor ditzakete administrazioarekin lankidetzan eta mundu guztiak eskura ditzake datuak baldintza-berdintasunean.
ZER DA SPIB?
Sektore Publikoko Informazioaren Berrerabilpena da Open Data ekimenaren helburu nagusia. Sektore publikoko informazioa eskuragarri, landugabe eta formatu estandar irekietan jartzea da, irisgarritasuna erraztuta eta berrerabiltzea ahalbidetuta, bai partikularrei, bai enpresei, merkataritzako xedeetarako nahiz merkataritzakoak ez diren xedeetarako.
Sektore publikoak potentzialki berrerabilgarria den informazio ugari sortzen du, hala nola informazio soziala, ekonomikoa, geografikoa, estatistikoa eta abar. Informazio hori berrerabiltzeko oso erakargarria da, osatua, fidagarria eta kalitatezkoa delako.
Informazio publikoaren berrerabilpena eta birbanaketa datuak argitara ateratzen dituzten administrazio publikoen eta zenbait behar aseta ikusten dituzten herritarren eta enpresen mesederako izatea lortu nahi da.
ZERGATIK IREKITZEN DIRA DATUAK?
Administrazio publikoetatik pertsonek orain arte eskuragarri ez zegoen informaziora heltzeko duten beharra ikusi dute. Hori dela eta, gobernu irekiago baterantz aurrera egin nahi dute, gardentasunaren, partaidetzaren, zerbitzuaren eta eraginkortasunaren balioetan oinarrituta. Horrez gain, balioaren sorkuntza bultzatu nahi da informazio publikoaren berrerabilpenarekin, administrazioen barruko informazio-sistemen barne-antolakuntza erraztu nahi da eta sektore publikoko zerbitzuen arteko elkarreragingarritasuna bultzatu.
Aldi berean, datuak irekitzea potentzial ekonomikoa da, informazio digitaleko produktu askorentzako funtsezko oinarria osatzen duelako. Ezinbestekoa da informazio publikoaren berrerabilpen eraginkorra bermatzea, horren potentzial guztia aprobetxatzeko eta produktu, zerbitzu eta merkatu berriak garatzeko eta, horrela, garapen ekonomiko handiagoa eta lanpostuen sorkuntza handiagoa lortzeko.
NOLA IREKI BEHAR DIRA DATUAK?
Lehen urratsa herritarren beharrak identifikatzea da, administrazioek horien eskura zer datu jarri eta horretarako formaturik egokiena erabaki eta datu horiek berriro aprobetxatu ahal izateko.
World Wide Web Consortium (W3C) erakundeak, weberako estandarrak garatzen dituen nazioarteko komunitateak, irekitako datuak erabilgarriak izatea eta berrerabiltzeko moduko formatuetan egotea gomendatzen du. Datuak zenbat eta hobeto egituratuta eta aberastuta egon, errazagoa izango da berrerabiltzea eta automatikoki tratatzeko aplikazioak sortzea.
OPEN DATA MUNDUAN
Open Data ekimenaren atxikipena pixkanaka egiten ari da mundu guztian. AEBn hasi zen data.gov proiektuarekin, gobernu federalaren datu irekien katalogoa dagoen lekuan, eta pixkanaka beste herrialde batzuetara hedatzen joan da. Gero eta gehiago dira gardentasun eta gobernu irekiko ekimenak iragartzen eta abian jartzen dituzten eta datu-katalogoak argitaratzen dituzten gobernuak. Gaur egun, Open Data proiektuak AEBn garatzeaz gain, honako herrialde hauetan ere garatzen dira: Kanada, Erresuma Batua, Australia, Zeelanda Berria, Suedia, Norvegia eta Espainia. Izan ere, Espainiak, Aporta ekimenaren bidez, datos.gob.es plataforma garatu du, datu irekiekin zerikusia duten administrazio, enpresa eta herritarrentzako topagunea eskaintzen duena.
Plataforma horrek, beste informazio batzuen artean, Open Datak munduan dituen ekimenen ikuspegi orokorra du. Aldi berean, beste administrazio batzuekin datuak federatzeko mekanismo bat du, herritarrek aukera izan dezaten datu berrerabilgarriak kontsultatzeko tresna bat eskuratzeko, estatukoa eta Europakoa. Nafarroak ere bat egin du estatuko katalogo horrekin, sistema federatzaile horren bidez.