Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari atxikia dagoen Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana prestatzeko prozesua koordinatu du, Zientzia eta Teknologiari buruzko 15/2018 Foru Legearen 31. artikulua betez. I+G+b arloan eskumena duen departamentua izanik, Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak parte hartzeko prozesu bat planteatu du, eragile ekonomiko eta sozialek Europa mailan I+G+b arloan liderrak diren eskualdeen artean posizionatzeko dituzten beharrak eta erronkak biltzeko asmoz.
 
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berria 2020aren amaieran hasi zen prestatzen, parte hartzeko prozesuan eta haren plangintzan kontuan hartu beharreko taldeak eta erakundeak identifikatuz.
 
Plana prestatzeko prozesua hiru faseren inguruan antolatu da: testuinguruaren eta abiapuntuko egoeraren azterketa, neurrien diseinua eta 2021-2025 ZTBPren proposamena. Gauzatzeko aldi osoan, bilerak egin dira interes taldeekin eta adituekin, kontsulta zehatzak egiteko. Gainera, Nafarroako I+G+b arloko Aholku Kontseilua eratu eta izendatu da, eta horrek planaren gaineko gomendioak egin ditu 2021eko irailaren 21ean egindako lehenengo bileran.
 
●  Nafarroako I+G+bren testuingurua eta abiapuntuko egoera aztertzean, berrikuntzaren ohiko adierazleak ikertu dira, eta adierazle horien konparazioa egin da herrialde osoan nahiz nazioarteko egoeran (batez ere Europakoan). Halaber, arau esparruak eta SINAIko eragileen estrategiak eta gaitasunak ikertu dira, zientziari eta teknologiari eta I+G+b arloko politikei buruzko prospektiba propio batekin batera. Hasierako egoera ezagututa, planaren helburuak planteatu dira, eta informazio hori kontrastatu da Nafarroako I+G+b arloko Aholku Kontseiluarekin. Fase horretan, Nafarroako I+G+b Sistema (SINAI) osatzen duten eragileek ekarpenak egin dituzte beren abiapuntuko egoerari buruz, eta ADITECHek ere batzuk egin ditu, koordinatzailea den aldetik. SODENAk ere ekarpenak egin ditu, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia 2021-2027 (S4) eguneratzeko arduraduna den aldetik.  
 
● 
 2021-2025 ZTBPren neurriak diseinatzeko fasean, 2021-2025 ZTBP berriari aplika dakizkiokeen neurri batzuk proposatu dira, hori indartu eta bultzatu dezaten planteatutako helburuak lortze aldera. Horrez gain, honako hauek aztertu dira: alde batetik, Nafarroako I+G+b Sistema gauzatzeko eragileentzat egonkortasuna sortuko duen finantzaketa sistema bat izateko aukerak; eta, beste aldetik, Nafarroan I+G+b transferitzeko eta sustatzeko berariazko neurriak, berrikuntzaren erosketa publikoa sustatzeko eta bultzatzeko tresnak, zientziaren eta gizartearen arteko beharrezko lotura sustatzeko neurrien zehaztapena, eta Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren diseinua eta ezarpena. Horretarako, departamentuarteko bilerak egin dira, 15/2018 Foru Legearen 31. artikulua kontuan hartuta. Horren arabera, departamentu eta erakunde publikoek ZTBPn gehitzeko ekintzak proposatuko dituzte berez dagozkien eremuetan.
 Neurriak diseinatzeko, bi iturri baliatu ziren: bata da Nafarroako S3aren gaikako lehentasunen arabera lerrokatutako mahai sektorialen lehenengo lan-txandan lortutako informazioa, eta bestea dira SINAIko eragileak, 2021eko ekainean antolatu zirenak. Parte-hartzaileak hautatzeko orduan, irizpide nagusia izan zen Nafarroako berrikuntza ekosistemaren ikuspegi desberdinak ordezkatzen zituztenak hautatze eta bertaratutakoen artean parekotasuna egotea. Parte-hartzaile horiek informazioa eman zuten beren egoerari buruz, lehentasunezko premiei buruz, eta ZTBPn kontuan hartu beharreko I+G+b arloko faktoreei eta palankei buruz.  

●  Plana prestatzeko prozesuaren azken fasea 2021-2025 ZTBPren proposamena da. Fase horretan, plana behin betiko zehaztu da, idatzi da, eta plana abian jartzen lagunduko duten edukiak garatu dira, adibidez, ZTBPren ezarpenera, jarraipenera eta ebaluaziora bideratutako adierazle sistema, aurrekontuaren zenbatespena, gobernantzaren definizioa eta Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren diseinua.

Era berean, departamentuarteko taldearen laguntza izan da, bere eskumen esparruko neurriak eta ekarpenak erabat zehazteko, bai eta mahai sektorialen bigarren lan bilerako ekarpenak ere. Mahai sektorialei bilera horretara deitu zitzaien 2021eko irailean. Gainera, kontsulta espezifiko bat egin zitzaien SINAIko eragileei ADItech-eko koordinatzailearen bitartez.