Nafarroako lan autonomoaren plana 2017 - 2020
Erlazionatutako edukiak:
Nafarroak erabateko biraketa egin beharra du enplegu politikan: egiturazko erreforma sakonak egin eta ideia argia izan nondik nora bideratu behar dituen kalitatezko enplegua sortzeko ahaleginak. Enplegua sortzea berreskuratze ekonomikoaren giltzarria da eta, nahiz eta itxaropena baden, neurri eraginkorrak ezarri behar dira krisiari behin betiko irtenbide iraunkorra eman nahi bazaio enplegua sortuz.
Arrazoi horregatik, Nafarroako lan autonomoaren planak helburu garbia du: sustatzea enplegua sor dezaketen pertsonen jarduna, alegia, enpresa ehuna eratzen dutenen jarduna. Berariaz jarri behar da arreta enpresa txikietan eta autonomoen taldean, zeinek Nafarroako enpresa ehunaren %90 egiten baitute. Beren jardunean izaten dituzten eragozpenak deuseztatu behar dira, eta neurriak ezarri norberaren konturako lana errazteko, bultzatzeko eta sendotzeko Foru Komunitatean.
Nafarroako lan autonomoaren plana (2017-2020) Nafarroako Gobernuak sortutako lantaldeak prestatu du 2016an eta 2017an; talde horretan parte hartu dute hainbat erakunderen ordezkariek: Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua, eta Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua osatzen duten langile autonomoen elkarteak. Plan horrek jasotzen du administrazioko entitate eta erakunde horiek egin proposamenei buruz adostu dena.
Ahalegina egin da plan egingarria diseinatzeko, lortu nahi den xederako baliagarria izanen dena; xede hori da, jakina, lan autonomoaren baldintzak hobetzea eta lan mota horren hazkundea erraztea. Deuseztatu edo, gutxienez, ahalik eta gehien murriztu nahi dira enpresa egitura handien eta autonomo txikien artean ikusi diren desberdintasunak, bi sail horiek berdintasun handieneko baldintzetan lehia daitezen, aldi berean globala eta tokian tokikoa den merkatu batean.
Nafarroako lan autonomoaren plana 2017 - 2020 2017ko azaroaren 15eko Gobernu Bilkuran onetsi zen.
Jarraipena eta gauzatzea Gobernu Ekintzan egingo zaio.