NextGenerationEU, Europarako Suspertze Plana

Next Generation EU: Europarako Suspertze Plana
 
Kontseilu Europarrak, 2020ko ekainaren 21ean, Next Generation EU programa sortzea onetsi zuen. Europar Batasunak finantzatzen du eta ekonomia suspertzeko tresna izan nahi du, koronabirusak eragin duen aurrekaririk gabeko krisiari erantzuna emanez.
 
Next Generation EU programaren helburua da denek batera eta modu koordinatuan erantzutea izan dugun krisi sozial eta ekonomikorik okerrenetako bati, eta pandemiak eragindako kalteak konpontzen laguntzea. Funts horiekin lortu nahi da Europa izan dadin ekologikoagoa, digitalagoa eta etorkizuneko aldaketekiko eta erronkekiko erresilienteagoa.

Horretarako, Next Generation EU-ren elementu nagusia daSuspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa” (SEM), Europar Batasuneko estatuetan erreformak eta inbertsioak babesteko dirulaguntzak eta maileguak ematera bideratutako tresna.

Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren (SEM) esparruan funtsak jasotzeko, estatu kideek suspertze- eta erresilientzia-planak egin behar dituzte, eta horietan deskribatu behar dute funtsak nola inbertituko dituzten. Gainera, dagozkien mugarri eta helburuak lortu behar dituzte eta, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren esparruan edozein ordainketa egin aurretik, Batzordeak ebaluatuko du ea behar bezala bete den mugarri eta helburu bakoitza.
 
SEM: Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa
 
Mekanismo horrek laguntza ematen die estatu kideei, zuzeneko transferentzien eta maileguen bidez, inbertsio publikoak areagotu ditzaten eta erreformak egin ditzaten bi arlo hauetan: ekonomia eta enplegua berreskuratzea, eta pandemiaren ondorengo erronka ekonomiko eta sozial nagusiei aurre egitea.

Herrialde bakoitzarendako esleipena kalkulatu da honako hauetatik abiatuta: adierazle demografikoak, biztanleko BPGd-a, azken 5 urteetako batez besteko langabezia-tasa eta pandemiaren ondoriozko jaitsiera ekonomikoa. SEMen funtsak bi tartetan ematen dira: % 70 osasun-larrialdiaren aurreko adierazleen gainean, eta gainerako % 30a 2022an erabakiko da, 2020 eta 2021 urteen arteko bilakaera ekonomikoaren arabera.
 
SEM funtsak jaso ahal izateko, estatu kideek suspertze- eta erresilientzia-plan nazionalak aurkeztu behar dituzte. Plan horietan jarduketa-programak zehazten dira, helburu izanik hazkunderako potentziala areagotzea, bai eta enpleguaren sorkuntza eta erresilientzia ekonomiko eta soziala areagotzea ere, eta trantsizio ekologikoa eta digitala bizkortzea.
 
Planek jaso behar dituzte estatu kide bakoitzaren erronka espezifikoei aurre egiteko estrategia zehatzak. Erronka horiek Seihileko Europarraren azken txostenetan identifikatu dira. Gainera, plan horiek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

  • - Gastu osoaren % 37, gutxienez, bideratu behar dute klimaren aldeko ekintzaren helburuak babesten dituzten inbertsio eta erreformetara.
  • - Gastuaren % 20, gutxienez, trantsizio digitala laguntzeko erabili behar dute.
  • - Inbertsio eta erreforma guztiek ingurumenari kalte esanguratsurik ez eragiteko printzipioa errespetatu behar dute.
  • - Batasunaren finantza-interesak babesteko neurri irmoak proposatu beharko dituzte, bereziki iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko.

Next Generation EUren gainerako funtsak EBko estatu kideei ordaintzen zaizkie EBko hainbat programaren bidez:

  • - REACT-EB: Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntza.
  • - Horizon Europe.
  • - InvestEU.
  • - Landa garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa.
  • - Bidezko Trantsiziorako Funtsa (BTF).

 
REACT-EB: Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntza
 
Ekimen berri bat da, krisiari erantzuteko eta hura konpontzeko neurriak mantendu eta zabaltzen dituena, Koronabirusari Erantzuteko Inbertsio Ekimenaren eta Koronabirusari Erantzuteko Inbertsio Ekimen Plusaren bidez. Baliabide horiek honako hauen bidez exekutatuko dira: Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF), Europako Gizarte Funtsa (EGF) eta Pertsona Behartsuenendako Europako Laguntzen Funtsa (FEAD).
 
Horizon Europe, InvestEU, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa eta Bidezko Trantsiziorako Funtsa (BTF)

Funts horiek Europako beste programa edo funts batzuetarako funts gehigarriak dira, eta 2020ko udaberrian abian jartzea aurreikusten da, hiru tresnaren bidez:

  • - SURE: langileak babestea du helburu, eta erabiliko da aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak finantzatzeko, bai eta autonomoendako aparteko prestazioa eta pandemiaren ondoriozko lan-ezintasunak finantzatzeko ere.
  • - Europako Inbertsio Bankuaren berme funts paneuroparra: enpresen kaudimena sendotzera bideratua dago.
  • - Egonkortasunerako Europako Mekanismoa (MEDE): kreditu-lerro bat ezartzen du estatu kideentzako, pandemiari lotutako gastuetarako.