Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Plana Nafarroan 2021-2026

Politiketako eta Justiziako Departamentua

Bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoi baterako 2019-2023 programa Akordioan ezartzen da ekinbide legegilearen eta gobernurako ekinbidearen ardatz nagusietako bat izanen dela desberdinkerien aurkako borroka, berdintasuna eta nafar gizarte pluralaren bizikidetza. Ekintzarako funtsezko hamar ardatz nagusietako bat da apustu egitea bakearen, oroimenaren, bizikidetzaren eta indarkeriaren deslegitimazioaren alde, eta aldarrikatzea gure foru komunitatearen aniztasuna aurrerabiderako balio bat dela.

Urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuak Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen, eta orduz geroztik Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartu ditu migrazioaren arloko eskumenak; horrenbestez, estrategia eta plan horien garapena bultzatu behar du. Bultzada hori Foru Dekretuaren 14. artikuluan agertzen da, honako eginkizun hau esleitzen baitio Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuari: “Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Nafarroako Plana diseinatzea, planifikatzea eta abian jartzea”.

Nafarroa, Estatuko beste erkidego batzuk bezala, migrazio prozesuaren fase berri batean sartu da: orain funtsezkoa da herritartasun osoa, kidetza partekatuak eraikitzea. Horrek berekin dakar pentsatzea ea zer bizikidetza eredurantz jo beharra dugun. Eta pertsonen arteko harreman esparru berri bat definitzera garamatza. Esparru horretan, berdintasuna, elkarrekintza, aniztasunaren onarpena, kidetasun sentimenduaren sorrera eta balio partekatuak funtsezko elementuak dira herritartasun berri bat eratzeko. Kulturartekotasunean oinarritutako integrazioak esan nahi du gizartearen parte diren taldeen artean eraikitako gizarte bat aldeztu beharra dagoela. Arraza eta etnia diskriminazioa egunerokoa delako eta bereizkeria horrek milioika pertsonari aurrera egitea galarazten dielako munduan, eta dozenaka mila laguni Nafarroako Foru Komunitatean.

Intolerantziaren Kontrako Mugimenduak ohartarazi du intolerantzia ekintzak eta gorrotoa oinarri duten diskurtsoak areagotzen ari direla maila globalean, baita jarreren erradikalizazioa ere eremu publikoan.

Arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka lehentasun garrantzitsua da, eta Nafarroako Gobernuak erabateko konpromisoa du zeregin horrekin. Uste dugu arrazismoa, xenofobia eta intolerantzia desagerraraztea beste modurik ez dagoela Giza Eskubideak eguneroko errealitate bihurtzeko eta, horri esker, bizikidetza baketsua eta gizarte kohesioa bermatzeko.

Hori lortzeko, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Nafarroako Plana (2021-2026) landuko du, eta gainera Pertsona Migratzaileei Harrera Egiteko Nafarroako Plana eta Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategia.


Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Plana Nafarroan 2021-2026, 2022ko martxoaren 16an Gobernuaren erabaki bidez onartu zen.

Planaren jarraipena eta gauzatzea Gobernu Ekintzan egingo zaio

FITXA

Departamentua:
Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentua
Ardura duen unitatea:
Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzua
Proposamen mota:
Plana
Proposamenaren fasea:
Amaiera
Gobernu proposamenaren egoera:
Itxita
Parte-hartze prozesuaren egoera:
Itxita
Gaurkotze data:

PARTE-HARTZE EPEAK

Jendaurrean ikusgai egon zen 2021eko abenduaren15etik 2022ko urtarrilaren 15era bitarte