Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategia (2021-2026)
Politiketako eta Justiziako Departamentua

Erlazionatutako edukiak:
“Bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako programa-akordioa”k funtsezko helburuen artean aipatzen ditu desberdinkeriaren aurkako borroka, aukera-berdintasuna eta Nafarroako gizarteko aniztasunaren bizikidetza. Gainera, horiek dira ekinbide legegilearen eta gobernukoaren ardatz nagusiak. Hori dela eta, ekinbide politikoaren ardatzak eta horiek bultzatu eta garatzeko ardura duen gobernu-egitura azaltzean, berariaz aipatzen dira, bai gure Komunitatera iristen diren migratzaileen harrera eta laguntza planifikatzea, bai Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategia planifikatu eta abian jartzea.
Akordio horrek, gainera, berariaz jasotzen du jarduketa-proposamen hau: “Bizikidetza, Oroimen eta Giza Eskubideen Plan Estrategiko bat garatu, ahalik eta kontsentsurik handiena erdietsiko duena, eta arlo horietan jarraitu beharreko ildo estrategikoak ezarriko dituena”. Dimentsio anitzeko Plan Estrategiko bat, Nafarroako Gobernu osoa hartzen duena. Bertan, errealitate berriak jaso behar dira, ikuspegi integrala eskatzen dutenak kulturen eta erlijioen arteko bizikidetzari buruz eta migratzaileei aitortu behar zaizkien eskubide sozial kolektiboei buruz.
266/2019 Foru Dekretuak, gero otsailaren 10eko 9/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatu zenak, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen, eta hortik aitzina Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartu ditu migrazioaren arloko eskumenak, eta, beraz, estrategia eta plan horien garapena bultzatu behar du.
Nafarroa, estatuko beste erkidego batzuk bezala, bere migrazio-prozesuaren fase berri batean sartu da: orain funtsezkoak dira kidetza partekatua eraikitzea eta herritartasun osoa. Horrek berekin dakar pentsatzea ea zer bizikidetza eredurantz jo beharra dugun. Eta pertsonen arteko harreman-esparru berri bat definitzera garamatza. Esparru horretan, berdintasuna, elkarrekintza, aniztasunaren onarpena, kidetasun-sentimenduaren sorrera eta balio partekatuak funtsezko elementuak dira herritartasun berri bat eratzeko. Kulturartekotasunean oinarritutako integrazioak gizarte mota baten aldeko apustua egiten du; gizarte hori eraikitzen da osagai dituen taldeen artean. Estrategia hori da komunitateen garapenean diharduten eragileen artean lankidetza errazteko tresna bat, helburua delarik bizikidetzaren kalitatea hobetzea eta bide horretan aurrera egitea. Hori lortzeko, ezinbestekoa izanen da ahaleginak batzea, sinergiak sortzea eta helburu horretara bideratutako ekintzak eta estrategiak koherentziaz hornitzea.
Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategia (2021-2026), 2021eko abenduaren 22an Gobernuaren erabaki bidez onartu zen.
Estrategiaren jarraipena eta gauzatzea Gobernu Ekintzan egingo zaio