Toki erakundeen partaidetza Foru Komunitateko Ogasun Publikoaren zerga-sarreretan
Nafarroako toki erakundeek beren eskumenak baliatzeko duten baliabide ekonomikoetako bat da Nafarroako tributuetan parte hartzea.
Zehazki, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123. artikuluetako 1. eta 2. apartatuek gauzatzen dute toki erakundeek Foru Komunitateko Ogasun Publikoaren zerga-sarreretan parte hartzea, toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren bidez. Funts horrek transferentzia arrunten funtsa eta kapital transferentzien funtsa biltzen ditu, eta urteko ekarpen batekin osatzen da, ekonomia-jardueren gaineko zergaren (JEZ) erreformaren ondorioz diru-bilketan izandako galerak konpentsatzeko.
Halaber, kapital transferentzien funtsa tokiko inbertsio planen bidez banatzen da. Plan horiek azpiegiturak eta zuzkidurak instalatzeko, hobetzeko eta berritzeko inbertsioak biltzen dituzte, eta honela sailkatzen dira:
- - Inbertsio programak: toki administrazioaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak proposatutako inbertsioak hartzen dituzte; 2019-2030 aldirako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzaileari eta 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planari dagozkio inbertsioak.
- - Toki programazioa: toki erakundeek eskatutako inbertsioak hartzen ditu; arlo hauetakoak dira: hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak; zoladura-lanak sareekin; zoladura-lanak sarerik gabe; zeharbideen urbanizazio-lanak eta toki zuzkidurak.
- - Determinazio libreko programa: toki autonomiaz baliatuz toki erakunde onuradunek beraiek zehazten dituzten inbertsioak hartzen ditu.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aplikatzearen ondorioz Nafarroako toki erakundeei esleitzen zaizkien zenbatekoei buruzko publizitate aktiboa egin beharra dago, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22.1.B.13 artikuluaren arabera, halako moldez non kopuru horiek banaka argitaratuko diren eta eguneratuko diren, beste edozein arrazoirengatik esleitutako beste zenbatekoekin batera.
Aurrekoa betez, gune honetan honako informazio hau kontsulta daiteke:
- - Transferentzia arrunten behin betiko zenbatekoak, toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsekoak, Nafarroako udal eta kontzejuei emanak (401/2024 Ebazpena, abuztuaren 8koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana).
- - Inbertsio programen eta toki programazioaren onuradunen zerrenda, 2024ko urtarriletik ekainera eta 2024ko uztailetik irailera bitartean toki erakundeek egindako inbertsioengatik.
- - Determinazio libreko programaren onuradunen zerrenda, toki erakundeek inbertsioak egin ditzaten: 174E/2024 Ebazpena, uztailaren 3koa, Toki Administrazioaren zuzendari nagusiak emana.
- - Konpentsazioa ekonomia-jardueren gaineko zergaren (JEZ) erreformaren ondorioz diru-bilketan izandako galerengatik (343/2024 Ebazpena, ekainaren 17koa, 2024ko ekitaldiari dagokion lehen ordainketa onesten duena).