Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategia (2021-2026)
Erlazionatutako edukiak:
Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategia onetsi zen Nafarroako Gobernuak 2021eko abenduaren 22an hartutako erabakiaren bidez.
Bi helburu orokor izan dira Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzarako Estrategia lantzerakoan:
1. Nafarroan bizi diren pertsona guztien parte-hartzea eta elkarreragina hobetzea ahalbidetuko duten baldintza egokiak sortzea, haien kultura jatorria edozein delarik ere, guztien onerako, kultura aniztasuna hartuta ondare soziala, ekonomikoa eta kulturala aberasten duen elementu gisa; alderdi horiek ezinbestekoak dira Nafarroako Foru Komunitatean oparotasuna eta gizarte kohesioa lortzeko.
2. Bertako biztanleak, etorkinak eta gutxiengo etnikoak guztiz gizarteratzeko prozesuak sustatzea, eskubide, eginbehar eta aukera berdintasuna sortuz, Nafarroan bizi diren biztanleen arteko harremanak eta baterako lana indartuta, haien jatorria eta kultura izaera edozein direlarik ere. Hori guztia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzen duten egoera espezifikoak jorratuz.
Helburu horietatik abiatuta, eta kontuan hartuta egoerari, erronkei eta aukerei buruz egindako diagnostiko parte-hartzailearen ondorioak, estrategia honela egituratzen da: zeharkako aktibo estrategikoak, lehentasunezko jarduketa-ildoak, helburu espezifikoak eta neurriak. Lehentasunezko ildoek honako hauei egiten diete erreferentzia: 1- Kulturarteko komunitateak sustatzea herritartasun globala lortzeko; 2- Balio partekatuak sustatzen dituen eta komunikazioa errazten duen kultura-aniztasunaren ikuspegi eta balorazio positiboa sortzea; 3- Gatazken prebentzioa eta erregulazio baketsua garatzea; 4- Administrazioek eta erakundeek Nafarroako kultura-aniztasunaren kudeaketara eta sustapenera egokitzeko duten konpromisoa sustatzea; eta 5- Gizarte-sustapena indartzea kulturen arteko bizikidetza bultzatzeko, arreta berezia jarrita gutxiengo etnokulturalen edo bestelakoak diren herritarren parte hartzean.
Aurreikusitako ekintzak jorratuko dira eskubideen ikuspegia oinarri hartuta, bai eta ikusmolde hauetatik ere: kulturartekoa, generokoa eta intersekzionala.
Gobernantza, jarraipena eta ebaluazioa:
Bultzatu nahi den gobernantzak apustua egiten du maila anitzeko aliantzak ezartzearen eta erronkei elkarrekin eta elkarlanean aurre egitearen alde, migrazio-prozesuei lotutako eragileak inplikatuz. Horrela, planteatzen da ekintza-prozesu bakarra, non lerrokatuak gelditzen baitira Migratzaileei Harrera egiteko Plana, Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategia eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Plana.
Kulturen arteko Bizikidetzarako Estrategia sistematikoki inplementatuko da urteko plan operatiboen (UPO) bidez; horietan jasoko dira aldi horretan gauzatu beharreko ekintzak. Plan Operatiboek gauzatze- eta emaitza-adierazleak jasoko dituzte eginen den ekintza bakoitzerako, jakiteko zein punturaino bete diren aurreikusitako ekintzak eta zein diren horien emaitzak. Informazio hori urteko jarraipen-txostenean jasoko da.
Bi planen eta estrategiaren jarraipena egiteko, egitura komun bat sortuko da, informazioa emateko eta parte hartzeko hainbat gune izanen dituena:
- Erakundeen harremanetarako gunea
- Teknikarien harremanetarako gunea
- Departamentuen eta administrazioen arteko gune teknikoa
- Gizarte-erakundeen/elkarteen gune teknikoa
- Herritarren harremanetarako gunea
Urteko plan operatiboetan zehaztuko da nola funtzionatuko duten gune horiek. Gainera, Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategiak bi ebaluazio-une espezifiko aurreikusten ditu: bitarteko ebaluazio bat, estrategiaren aplikazioaren erdibidean, eta amaierako ebaluazioa indarraldia bukatzean.
Kontuak emateko gune horretan, estrategiak jasotzen dituen konpromisoen gainean egindako aurrerapenen berri ematen da.