SITNAren 2024-2028rako Plan Estrategikoa

sitna 2024-2028 planaren logoa

Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemaren (SITNA) 2024-2028 aldirako Plan Estrategikoa 2024ko maiatzaren 18an egin bilkuran onetsi zuen haren kide anitzeko organoak, hau da, SITNAko Koordinazio Batzordeak, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko abenduaren 11n hartutako erabakiaren bidez berretsi zen.

Plan Estrategikoa izatea bera eta hura urteko jarduketa planetan garatzea, bakoitza bere betearazpen txostenarekin, jasota daude azaroaren 11ko 255/2015 Foru Dekretuaren 11. artikulutik 13.era artean. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko informazio geografikoaren tratamendua arautzen du foru dekretu horrek (2015eko 236. NAO, azaroaren 25ekoa). Ondoren, 255/2015 Foru Dekretua aldatzen duen otsailaren 10eko 10/2021 Foru Dekretua onetsi zen, eta, horrela, SITNAren batzordeak eratu ziren berriro; Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren martxoaren 27ko 68E/2024 Foru Aginduaren bidez ezarri zen batzordeen osaera.

Planaren helburua da indarrean dagoen bitarteko xedeak eta ekintzak zehaztea, Nafarroako 2024-2028ko Plan Kartografikoaren garapenari lekua eginez, hura ere aurreikusia baitzen arestian aipatu foru dekretuan. Informazio geoespaziala nola txertatu eta mantendu behar den ezartzea da, beraz, asmoa, baita hura bideratzea ere hainbat bidetatik berrerabil dadin, mota guztietako produktuak sortuz paradigma berri baten barnean; hots, izan dadin informazioaren gizarteak herritarren zerbitzura jartzen duen azpiegitura bat, lurraldeari lotua.

SITNAren 2024-2028rako Plan Estrategikoak azterketa historiko xehea ez ezik, teknologia, zerbitzu eta etorkizuneko premien azterketa ere egiten du, sistemaren garapenari erantzuna eman nahirik bilakaera etengabe eta bizi-bizian ari den ingurune sozial eta teknologikoan.

Hona hemen SITNAren 2024-2028rako Plan Estrategikoaren helburu generikoak:

  • Nafarroako administrazio publikoen eskura dagoen informazio geografikoa irisgarria eta irekia izatea, babestutako datuak izan ezik.
  • Herritarrekiko harremana modernizatzeko lan etengabea, zeinean “non” funtsezko elementua baita.
  • Bere eskumenei dagokien informazio geoespaziala digitalizatzeko prozesua, ordura arte Foru Komunitateko Administrazioari eta haren sozietate eta fundazio publikoei mugatua zegoena, baina beste erakunde batzuk barne hartzen dituena, bereziki toki eremukoak.
  • Kudeaketa-informazio georreferentziagarriarekin zuzenean edo zeharka integratzeko prozesuak hobetzea, baldin eta informazio horrek balio erantsia ematen badu, bai lurraldean duen zuzeneko egoeragatik, bai beste datu-multzo espazial batzuekin duen loturagatik.
  • Denbora errealeko datuak edo maiz eguneratzen direnak gero eta eskuragarriagoak direla sustatzea, erabaki politikoak, enpresakoak edo herritarren eguneroko erabakiak hobeki hartzeko.
     

Horretarako, 6 jomuga handi finkatu dira, eta haien barrenean 21 helburu, 55 ildo estrategiko garatzen dituztenak, 204 ekintza zehatzen bidez gauzatzekoak.

  • 1. jomuga. Efizientzia kudeaketan
  • 1.1 helburua: Sistemaren antolaketari eta funtzionamenduari eustea.
  • 1.2 helburua: SITNAren proiektuak koordinatzea departamentuen eta parte hartzen duten beste entitate batzuen proiektu eta ekimenekin.
  • 1.3 helburua: Baliabideak bermatzea.
  • 2. jomuga. Informazioa osatzea
  • 2.1 helburua: Nafarroako lurraldeari dagokion informazioaren osotasuna.
  • 2.2 helburua: Nafarroako lurraldeari dagokion informazioaren kudeaketa.
  • 2.3 helburua: Plan kartografikoarekin koordinatzea.
  • 2.4 helburua: Nafarroako Lurralde Adierazleen Sistema sortzea.
  • 2.5 helburua: Berrerabilera sustatzea.
  • 3. jomuga. Erabiltzaileen beharrei erantzutea
  • 3.1 helburua: Erabiltzaileen beharrak ezagutzea eta behar horiei arreta eskaintzea.
  • 3.2 helburua: SITNAren datuen, baliabideen eta zerbitzuen eskaintzari eustea.
  • 4. jomuga. Bilakaera teknologikoa
  • 4.1 helburua: Kode irekiko softwarea.
  • 4.2 helburua: Formatu eta zerbitzu berrien erabilera erraztea.
  • 4.3 helburua: Negozio datuekiko integrazioa hobetzea.
  • 4.4 helburua: Sortzen ari diren agertoki berriei lurralde euskarria ematea.
  • 5. jomuga. Ezagutza kudeatzea
  • 5.1 helburua: Prestakuntza.
  • 5.2 helburua: Ezagutzaren kudeaketa.
  • 5.3 helburua: Parte-hartzea eta komunikazioa.
  • 6. jomuga. Lankidetza eta elkarlana
  • 6.1 helburua: Elkarlana maila instituzional guztiekin.
  • 6.2 helburua: Nafarroako Toki Administrazioa.
  • 6.3 helburua: Hezkuntza eremuarekin lankidetzan aritzea.
  • 6.4 helburua: Lankidetza beste ekimen batzuekin.

Ondoz ondoko urteko jarduketa planetan eta programa kartografikoetan, garatu beharreko ekintzak zehazten dira, baliabideen esleipenean ahalik eta eraginkortasun handiena lortze aldera, betiere batzorde iraunkorrak eta koordinazio batzordeak zehazten dituzten jarraibideen arabera, batzorde horiek bermatzen baitute sistemaren parte diren erakundeen ordezkaritza bere funtzionamendu horizontal eta korporatiboan.

Fitxa

Legealdia:
2023-2027
Departamentua:
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua
Unitate arduraduna:
Administrazio Elektronikoko, Ogasuneko, Giza Baliabideetako eta SITNAko Zerbitzua. Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusia
Proposamen mota:
Plana
Data azken gaurkotzea:

Garatutako ekintzak