Gobernu Irekiaren aldeko Aliantzarako Ekintza Plana - Ardatz estrategikoak
1. Teknologia erabiltzea gobernu irekiagoa bultzatzeko
Gobernu irekiaren paradigmak gardentasun, parte-hartze eta lankidetza handiagoa sustatzen du kudeaketa publikoan. Teknologia digitalak funtsezkoak dira helburu horiek lortzeko; izan ere, datuen azterketa eta kudeaketa errazten dute, kontuak emateko aukera ematen dute, eta haiei esker herritarrek eskurago dute informazioa.
2. Komunikazio argiaren alde egitea
Komunikazio argia izatea funtsezkoa da erakundeen eta herritarren arteko harremana hobetzeko. Hizkera erraz eta zuzenak ulermen soziala indartzen du, eta gizarte partizipatiboagoa eta demokratikoagoa sustatzen du.
3. Gardentasuna indartzea, gobernu irekiaren zutabea baita
Gardentasunaren oinarrizko printzipio bat da informaziorako sarbidea erraztea. Hori lortzeko, funtsezkoa da Administrazio osoan gardentasunaren kultura sendotzea, herritarrak, gobernu organoak eta administrazioko langileak tartean daudelarik. Horretarako, proposatzen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Ataria nabarmen hobetzea eta gardentasuna zeharkako ardatz gisa lantzea.
4. Herritarren zuzeneko partaidetza handitzea eta hobetzea, eta inklusioa sustatzea prozesu partizipatiboetan
Herritarren partaidetza sustatzea, betebehar juridikoetatik haratago, herritarrak modu zuzenagoan inplikatuz, hainbat bide erabiliz eta, batez ere, normalean parte hartzen ez duten kolektiboak erakarriz.
5. Prozesu partizipatiboak egitea zerbitzu publikoak eta erabiltzailearen esperientzia hobetzeko
“Diseinu partizipatiboa” ikuspegiak zerbitzu publikoak diseinatu, birdiseinatu edo hobetu nahi ditu, alde interesdun guztien parte-hartzearen bidez, zerbitzuek erabiltzaileen beharrak eta itxaropenak asetzen dituztela ziurtatuz eta gaur egun errealitareri erantzunak emateko.
6. Eztabaida bidezko partaidetza txertatzea erronka konplexuei aurre egiteko
Eztabaida bidezko partaidetza herritarrek parte hartzeko metodo berritzaile bat da, arazo espezifikoei buruzko gomendio informatuak eta arrazoituak ematen dituena. Prozesu horiek aukera ematen diete parte hartzaileei ikasteko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko, eta, horretarako, ebidentzia eta esperientzia ugari eskuratzen dituzte teknikari, akademiko, zientzialari eta defentsa taldeengandik.
7. Aurrekontu partizipatiboen ezagutzan eta aplikazioan aurrera egitea
Aurrekontu partizipatiboetan herritarrek parte hartzen dute aurrekontu publikoaren prestaketan. Prozesuak aukera ematen du kudeaketa publikoan parte hartzeko eskubidea baliatzeko, eta komunitate kohesionatuagoak, oparoagoak eta jasangarriagoak eraikitzeko erantzunkidetasuna bere gain hartzeko.
8. Kontu ematea zabaltzea
Kontuak emateak esan nahi du administrazio publikoek beren ekintzak azaldu behar dituztela eta beren erabakien erantzukizuna beren gain hartu behar dutela. Kontu ematea eraginkorra izan dadin, funtsezko bi elementu behar ditugu: erakundearen konpromiso argiak eta gardenak, eta konpromisoen betetze mailaren ebaluazio objektiboa.
9. Integritate instituzionala indartzea
Ikuspegi sistemiko batetik erakundeen integritatean sakontzeko, etika, gardentasuna eta erantzukizuna landu behar dira, funtsezko zutabeak baitira, baita prebentzio neurriak, lidergo konprometitua eta herritarren parte hartzea ere.
Hori beharrezkoa da erakundeekiko konfiantza eraikitzeko eta administrazio sistema osoan integritatearen kultura sustatzeko.
10. Herritarrentzako arreta hobetzea, kanal ezberdinen bidez
Herritarrei arreta ematea Administrazio Publikoaren eta herritarren arteko harreman estrategia bat da, eta laguntza ematen eta kontsultei erantzuten saiatzen da, pertsonek zerbitzu publikoetarako sarbide irisgarria eta inklusiboa izan dezaten.