Nafarroako herritarren esperimentazio eta elkarlanerako laborategiak: ekarpenak bateratzeko saioa

Bilera horretan, herritarren laborategi-ekimen bakoitzak gainerakoekin konpartituko ditu, batetik, deialdiaren diseinuan egindako aurrerapenak (gaia, helburuak, datak, tokia), eta, bestetik, erakunde laguntzaile potentzialekin egin dituen harremanak. Irailean, jendaurrean aurkeztuko dira laborategiak, aurkezpen publiko batean, eta herritarrek proposatutako ideiak txertatzeko aukera irekiko da.
Hamar ekimen biltzen dira Nafarroako herritarren esperimentazio eta elkarlanerako laborategien sarearen proiektu pilotuan, Nafarroako Gobernuak hautatutako hamar ekimen. Sarearen xedea da Foru Komunitatean partaidetza komunitarioa, berrikuntza soziala eta elkarlaneko esperimentazioa sustatzea. Administrazio publikoek eta gizarte zibileko erakundeek sustatutako proiektuek osatzen dute sarea, eta honako arlo hauetako esperientziak konbinatzen ditu: osasuna, zaintzak, parte-hartze komunitarioa, kultura, ondarea, ekonomia zirkularra, enplegagarritasuna, eta, azkenik, zainketei aplikatutako berrikuntza teknologikoa.
Honako hauek sustatu dituzte sarea osatzen duten hamar laborategiak: Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentua, Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetzako Alorra, Iruñeko Udaleko Kultura Alorra, Andia Mankomunitatea, VidAAs Berrikuntza Zentroa, Escenika Kultur Elkartea, Magale Elkartea, Koine-Aequalitas Fundazioa, eta Urdiaingo bizilagunen ekimena, bertako udal-liburutegiarekin batera. Ekimen horiek guztiak era integral batean hartuta, ezagutzak partekatu eta trukatzeko gune bat osatzen dute, bai eta Nafarroa 2030 Itunaren lehentasun estrategikoekin bat datozen aukera berritzaileak garatzekoa ere.
Bilerarako esteka eskatzea hemen: participacionciudadana@navarra.es

