Nafarroako Gobernuak eta UNICEFek beste lankidetza-protokolo bat sinatu dute, haurrek eta nerabeek gai publikoetan parte har dezaten sustatzeko
2025eko uztailaren 4an Nafarroako Gobernuak eta UNICEFek beste lankidetza-protokolo bat sinatu zuten, haurren eta nerabeen eskubideak bermatzeko ahaleginean jarraitzearren, batez ere parte hartzeko eskubidea sustatzeko. Zehazki, honako hauek sinatu dute protokoloa: Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak eta UNICEFeko Nafarroako Batzordeak.
Akordio horrek zenbait helburu eta ekintza biltzen ditu haurren eta nerabeen parte-hartzea sustatzen lagunduko duten partaidetza mekanismoak garatzeari begira; besteak beste, ekintza hauek:
- Haurren partaidetzarako organoak indartzea: Aholkularitza teknikoa eta laguntza teknikoa eskainiko zaie toki entitateei haurren partaidetzarako organoak sortu eta indartu ditzaten, eta entitateen artean sareko lana sustatuko da.
- Prestakuntza eta sentsibilizazioa: Haurrei eta nerabeei eragiten dieten politiketan haien partaidetzari buruzko prestakuntza ekintzak eta zabalkunde kanpainak bultzatuko dira, Parte-hartze Demokratikoari buruzko 12/2019 Foru Legearen arabera. Horren barnean sartzen da haurren eta nerabeen eskubideei buruzko hezkuntza, bai eta botere publikoen betebeharrei buruzkoa ere.
- Parte hartzeko eskubideak: Haurren eta nerabeen partaidetza sustatzen duten jarduerak bultzatuko dira, eraldaketarako eragile gisa.
- Parte hartzeko guneak: Gune bereziak prestatuko dira gazteek aukera izan dezaten haurtzaroarekin lotutako politika publikoen diseinuan eta ebaluazioan parte hartzeko, Agenda 2030arekin bat, eta administrazio publikoak kontuak emateko aukerak sortuko dira.
- Material irisgarriak: Materialak hizkera atseginean garatu edo egokituko dira, gazteek parte hartzeko dituzten eskubideak uler ditzaten eta partaidetza prozesuetan iritzi propioa osatu ahal izan dezaten.
- Nafarroako Haurren eta Nerabeen Kontseilua: Aholku-kontseilu ez-loteslea ezarriko da, non gazteek aukera izanen baitute administrazioari proposamenak egiteko eta eragiten dieten gai publikoei buruzko iritzia emateko. Haren funtzionamendu jasangarria eta dinamikoa bermatzeko beharrezkoak diren arauetako aldaketak eta baliabideen esleipena eginen dira.