NUKFk, UNICEFek eta Nafarroako Gobernuak jardunaldiak antolatu dituzte haurren aurkako indarkeria toki-mailan prebenitzeko. Saioak udaletako eta mankomunitatetako hautetsientzat eta teknikarientzat izan dira
“Nire udalerriak haurrak babesten ditu indarkeriaren aurrean” titulupean, jardunaldiek bi lege hauetan ezarritako lege-esparru berriari erantzuten diote: Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Osorik Babesteari buruzko Lege Organikoa eta Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeari buruzko Foru Legea; bi lege horiek indartzen dute haur eta nerabeek jasan dezaketen edozein eraso prebenitzeko, identifikatzeko eta horren aurrean jarduteko toki entitateek duten zeregina.
Toki entitateak herritarrengandik hurbil daude eta zuzenean esku hartzeko ahalmena dute; horregatik, funtsezko zeregina dute haurrendako eta nerabeendako ingurune seguruak sortzeko.
Jardunaldien helburu nagusia zen toki administrazioei lege berritasunen eta arlo horretan esleitu zaien eskumenen berri ematea. Halaber, UNICEF Espainiak prestatutako gida bat aurkeztu zen, haurren aurkako indarkeriaren prebentzioan eta adingabeentzako espazio seguruen sustapenean udalei laguntzeko diseinatu baitzen. Azkenik, azpimarratu zen haurrek eta nerabeek parte hartzea funtsezko tresna dela haurtzaroko indarkeriari aurrea hartzeko eta aurre egiteko, aukera ematen baitu haurren eta nerabeen ikuspegitik arazoa ezagutzeko. Parte-hartzeak aukera ematen die haien eskubideak defendatzeko trebetasunak eskuratzeko, eta, horrela, aldaketaren eragile aktibo bihurtzen dira.
Jarduerak data eta toki hauetan egin ziren: maiatzaren 6an, Tuteran; maiatzaren 9an, Bertizen; maiatzaren 13an, Lizarran; eta maiatzaren 16an, Iruñean. 120 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte, toki entitateak eta gizarte ehuna ordezkatuz.