Covid 19 - Beste neurriak

BESTE EZOHIKO NEURRI BATZUK, COVID-en EGOERAREN AURREAN

- GIZARTE-POLITIKEN ARLOKO NEURRIAK
 
Oinarrizko gizarte-zerbitzuak dituzten toki-erakundeen finantzaketa: oinarrizko gizarte-zerbitzuen programen eta finantzaketaren arloan Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea garatzeko erregelamendua onartzen duen maiatzaren 22ko 32/2013 Foru Dekretuak aurreikusten du zerbitzu horien titular diren toki-erakundeei lau epetan ordainduko zaiela finantzaketa foru-administrazioaren kargura. Une honetan bigarrena egiteke dago, eta, beraz, osasun-krisiaren ondorioz erakunde horientzako likidezia bermatzeko eta krisi horrekin biztanleria-sektore kalteberei behar duten berehalako arreta eman ahal izateko, salbuetsi egiten da indarreko betekizuna, zeinaren bidez kudeaketa-unitateak baliozkotu behar dituen aurreko ekitaldiko memoriak.
 
Oinarrizko gizarte zerbitzuen ez-ohiko finantzaketa: COVID-19aren epidemiak eta haren aurka egiteko hartu diren neurriek premia sozialak sortu dituzte populazioaren sektore kalteberenetan, berehala konpondu beharrekoak, eta beraz, araudi horretan babestuta, toki entitateek neurriak ezarri beharko dituzte premia horiei lehen baino lehen erantzuten zaiela ziurtatzeko. Nafarroako Gobernuak, bestalde, gizarte-zerbitzuen titular diren toki-erakundeei finantza-laguntza emanez lagundu behar du jarduera horretan. Berme hori eskaini beharragatik nahitaezkoa da Nafarroako Gobernuak ohiz kanpoko finantzaketa aurreikustea xede horretara bideratzeko; finantzaketa hori aurrerago justifikatuko da oinarrizko gizarte zerbitzuen ohiko finantzaketaren esparruan.
 
Hirugarren Adinekoen egoitzetako koordinazio asistentzial exekutiboa: Koordinazio asistentzial exekutiboaren arduradunaren figura sortzea, zeinak, profil profesional egokiak dituzten langileen laguntza teknikoekin, egoiliar nagusien osasun-arreta antolatuko baitu, bai lehen mailako arretako taldeetako profesionalen aldetik, bai asistentziako langileen aldetik.
 
- NAFARROAKO LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIORAKO ZERBITZU GUZTIEN KOORDINAZIO EXEKUTIBOA
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuak eginen du Nafarroako prebentzio zerbitzu guztien koordinazio exekutiboa COVID-19ari dagokionez, izan zerbitzu horiek propioak nahiz kanpokoak.
NOPLOIko Lan Osasunaren Zerbitzuko teknikariek eta Gizarte Segurantzaren laguntzaile diren mutualitateetakoek aholku emanen diete prebentzio zerbitzurik ez duten enpresa eta langile autonomoei.
 
- BESTELAKO PREMIAZKO NEURRIAK

Kontratazio publikoan arintasuna: kudeatzaileei tresna egokiak ematen zaizkie, eritasunari aurre egiteko behar diren ondasunak erosteko prozedurak arinagoak izan daitezen, merkatua aldakorra eta lehiakortasun handikoa baita. Horretarako, baimena ematen da kontratuen prezioa, osoa edo zati bat, kontratistak hura bete aurretik ordaintzeko, baldin eta ezinbestekoa bada merkatuaren egoera kontuan hartuta.
 
Herritarrek administrazioari egindako dohaintzak: herritarrek eta enpresek interesa agertu dutenez diruzko dohaintzak egiteko COVID-19ari aurre egiteko, tramitaziorako sistema arinagoa ezartzen da, ohiko prozeduraz bestelakoa, gaur egun diru-sarrera egiteko beharrezkoa baita dohaintza onartzeko ebazpena tramitatu eta ordainketa-gutuna bidaltzea dohaintza-emaileari ordainketa egin dezan.
 
Dirulaguntzen arloko neurriak: diruz lagundutako jarduerak egiteko epea etetea. Alarma-egoera amaitzen denean hasiko dira berriro, eta epe osoa luzatuko da, gutxienez aldi horretan, diruz lagundutako jarduera-proiektua gauzatzeko nahikoa dela bermatzeko.
 
Nekazaritza-sektoreari laguntzeko neurriak: Nekazaritza Kontseiluan adostu dira, besteak beste, baldintzak eta epeak malgutzea, LGPko laguntzak berehala ordaintzea, ardientzako berariazko laguntza-lerroak, zirkuitu laburreko produktuentzako online salmenta indartzea eta etxeetan Nafarroako produktuen kontsumoa sustatzea.