NAFARROAKO ARTXIBO ZAHARREKO BIRGAIKUNTZA ETA LORATEGIA

Nahi duzun bertsioan sartzeko, sakatu logoan  

HISTORIA ETA MEMORIA
 
XIX. mendearen erdian, Nafarroako Diputazioak bere egoitza eraiki zuen Karmeldar Oinutsen komentuaren orubean, aurretik komentu hori (1603-1835) eraitsi baitzuten, eta komentuko baratzea izandako lurra lorategi bihurtu zuten. 1896an, Artxiboa izan behar zuen eraikina altxatu zuten, garai hartan ohikoa zen estilo eklektikoan. Haren fatxadan zortzi medailoi ikusgarri jarri zituzten, idazle ospetsuen irudiak eta Nafarroako eta merindadeetako armarriak ageri zituztenak.
 
Hasieran, Erresumako eta Kontuen Ganberako artxiboa deitzen zutenaren funtsak besterik ez zen gordetzen Artxiboan, eta geroago, 1935ean, Kleroaren eta Prozesuen atalak hartu ziren.
 
 
EGUNGO EGOERA
 
Denborarekin, Artxiboak espazio handiagoa behar izan zuen bere funtsak gordetzeko eta kontsultetarako, eta horregatik 2004an Nafarroako Errege-erreginen Jauregira eraman zuten, Iruñean bertan, eta eraikin hau hutsik geratu zen.
 
Hainbat urte aurri egoeran egon ondoren, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen 2016an eraikina eta lorategia birgaitzea, erabili ahal izateko eta bulego administratiboak eta erabilera instituzionaleko espazio berriak jartzeko, funtzionalki Nafarroako Jauregiaren eraikinarekin loturik.
 
Lehen fasean, Artxibo Nagusi zaharraren estalkia berritu zen, eta lan hori 2017an bukatu zuten. Bigarren fase honetan, eraikinaren barruko aldea eta lorategia birgaitzeko obrak egiten ari dira.
 
 
ERAIKINAREN ETA LORATEGIEN PROIEKTUA
 
Lorategia 1. mailan dago sailkatuta eta berdegunea izaten jarraituko du. Apainketako beste iturri bat eta sarbide hobeak izanen ditu. Aurrerantzean ere, nabarmen agertuko da lorategiko zuhaitzik ospetsuena, sekuoia. Jatorriz Kaliforniakoa da eta 1856an birlandatu zuten hemen. 36 metroko garaiera du eta 1991n natura-monumentu deklaratu zuten.
 
María del Olmo Íñigo eta Ramón Preciado arkitektoek idatzi dute proiektua. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak sustatu ditu Birgaitze obrak eta 2019. urtearen erdialdean bukatuko dira.
 
Obraren aurrekontua 2.435.840 eurokoa da.

2018/11/20, Asteartea