Berrikuntza, aurrera egiteko palanka

Berrikuntzarekin lotutako zutabeek bide ematen digute identifikatzeko ekonomia aurreratuetan balio erantsia sortzeari atxikitako alderdiak, hala nola, teknologia, ukiezinak edo berrikuntza. Horietan ikusten dugunez, batetik, Foru Komunitatea beheraxeago dago, guretzat erreferente diren eskualdeekin alderatuta, negozioen sofistikazioari dagokionez batez ere, zeren, zerbitzu aurreratuen sektoreak ez duenez garrantzia handirik, Nafarroako ekonomia atzeratuago baitago erreferentziako taldearekiko.
 
Alde positiboan, ordea, Nafarroa nabarmentzen da berrikuntzaren arloan; izan ere, COTECek eskualdeetako berrikuntzari buruz egindako azken txostenean jasotzen denez, Espainiako bigarren autonomia erkidegoa da Nafarroa, talentu berritzailearen potentzial handiena dutenen artean. Hain zuzen ere, berrikuntza da Foru Komunitatearen bereizgarri bat, ulertzen badugu berrikuntza dela prozesuen aldaketa oro, teknologikoa edo bestelakoa, ezagutzan oinarritua eta balio ekonomikoa eta soziala sortzen duena. Foru Komunitateak berrikuntzaren aldeko apustu integrala egiten du. Gobernuan departamentu bat sortu da berrikuntza erabaki politikoen maila gorenean txertatzeko; finantzaketarako konpromiso gero eta handiagoa eta iraunkorra dago, alderdi politiko ia guztiek aho batez onetsitako lege batean jaso dena; eta zutabe izan da Espezializazio Adimentsurako Estrategia (S3) eraikitzean, berrikuntzako eragile guztiak biltzen dituena (unibertsitateak, zentro teknologikoak eta ikerketakoak, enpresetako I+G+b unitateak, besteak beste) enpresekin eta lan langileen ordezkariekin.
 
Hori zen gure abiapuntuko egoera osasun krisia hasi aurretik, zeinak, hazkunderako aurreikusitako parametroak aldatu baditu ere, ez baititu aldatu bete beharreko helburuak. Dagoeneko hemen dugun krisi ekonomikoaren abiapuntuan, zifra negatiboak dituen hazkundea ageri zaigu. Horrela, BPGaren atzerakada handia espero dezakegu, Espainiakoa baino txikiagoa bada ere. Horrek zerga arloko diru-sarrera txikiagoak ekarriko ditu, eta, horri gehituta, gastu handiagoa osasun arloan eta arlo sozialean. Beraz, kanpoko finantzaketaz baliatzea saihetsezina izanen da.