Plan honek aukera eman behar digu toki hobea hartzen Europako lehiakortasunaren mapan, lurralde garapenerako eredu jasangarri eta integratzaile bati esker, zeinak Nafarroari barne kohesio hobea emanen baitio eta haren erresilientzia hobetuko baitu erronka global berriei aurre egiteko. Europar Batasunak monitorizatzen dituen eskualde-lehiakortasunaren adierazleak ere hobetu behar dira. Adierazle horiek erakusten dutenez, hobekuntzarako tartea dago enpresen sofistikazioari eta aktibo ukiezinetan nahiz azpiegituretan egiten den inbertsioari dagokienez, bai eta enplegu teknologikoarekin eta teknologiaz kanpoko berrikuntzarekin lotutako zenbait alderdi handitzeari dagokionez ere.
 
2008ko krisi ekonomikoak, lehenik, eta, ondoren, klima larrialdiak biziagotu dituzte Nafarroan eredu ekonomikoa aldatu beharrari buruzko debateak eta nazioarteko erreferenteen bilaketa, bertako estrategia sektorialak diseinatzen laguntzeko, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin eta Europar Batasunaren jarraibideekin bat datozenak betiere. Alde horretatik, gero eta ozenago entzuten dira Europan COVID-19aren kontrako borroka eta klima aldaketa lotu behar direla dioten ahotsak, eta horretarako Europako Itun Berdea edo “European Green Deal” delakoa eskatzen dutenak, hau da, 2019aren bukaeran aurkeztu zen asmo handiko estrategia, 2050ean Europa klimaren aldetik neutroa eta alde sozialetik justua izateko asmoz.
 
Nafarroan, arlo sanitarioan, sozialean, ekonomikoan eta ingurumen arloan zeuden premia larrienei erantzuteko, azken urteetan taxutu diren tresna eta plan estrategikoen egokitzapenak aukera ematen digu erantzuna berehalakoa eta malgua izateko, eta, horri esker, koronabirusak eragindako krisiaren inpaktua murrizteko.