bizikidetza eta hizkuntza eskubideak

Parte-hartze prozesua: 
Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana
Arloa: 
BIZIKIDETZA ESPARRUA
Testua: 

Pandemiak eta itxialdiak bere gordinean azaleratu dituzte gure gizartearen ajeak, askotariko bidegabekeriak eta arrakala soziokulturalak jarri direlako agerian. Garbi dakigu bizikidetzak ekitatea behar duela oinarri, halako oinarririk ez duen bizikidetza ez baita onargarria gizarte kohesioa eta guztion ongia helburu duten politika publikoak ezartzeko.
Euskara dugu Nafarroako berezko bi hizkuntzetako bat. Euskaldunok mendez mendeko azpirakuntza instituzionala jasan dugu, gure hizkuntza ez delako inoiz botere-hizkuntza izan, eta euskaldunok hizkuntzari uko egin behar izan diogulako gizartean boterea eta prestigioa lortu nahi izan dugunean.
Egungo Nafar Gobernuari eta gainerako erakundeei dagokie gutxitze eta azpirakuntza horren aurkako politikak bideratzea eta ahalegin horretan ari diren eragileekin elkarlana bultzatzea. Nafar gizartearen aniztasun gero eta handiagoak berezko aniztasunean oinarritu behar du kohesio egiazko eta sendo bat erdietsiko badugu.
Nafarroako Gobernuak azken urteotan euskaldunon eskubideen aldeko hizkuntza politika hala moduzko bat landu du. D eta A ereduak ez dira behar bezain sendo bultzatu Nafarroan, baina, hala ere, D ereduari gehiegizko eginkizuna eman zaio euskararen aldeko jardun horretan eta itxialdiak garbi erakutsi du zer garrantzia duen eremu digitalak hizkuntzak landu eta hizkuntzen bidez gozatzeko.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak urrats hauek eman beharko lituzke euskaldunon hizkuntza eskubideak, eta bereziki familia eta haur euskaldunen hizkuntza eskubideak, bermatze aldera:
-Bere indar guztiz ahalegintzea Nafarroako eskualde eta txoko guztietako umeek aukera izan dezaten euskaraz dagoen haurren TBko kanal bakarra (ETB3) ikusteko.
-Lan egitea Espainiako haurrendako telebista kate publikoa (Clan) edukiak euskaraz ere eskaintzen has dadin.
-Euskararen lurraldeetako gainerako erakundeekin elkarlana finkatzea euskarazko eduki kultural eta aisialdikoak sarean eskuragarri egon daitezen: euskaraz sorturikoak, itzuliak, azpitituluak dituztenak, bikoiztuak...
-Euskarazko edukiak sortzen ere ahalegindu beharko luke, eta halakoak sortzen eta itzultzen dituzten eragileei bere jardunean lagundu, irizpide utilitarista hutsak oinarri izan gabe (beste anitz alorretan egiten den bezala, hain zuzen).
-Filmin plataformarekin harremanetan jarri eta elkarlana finkatzea plataformako eskaintza ahal den neurrian euskarazko azpi tituluekin ere eskain dadin.
-Azkenik, kohesiorako oso mesedegarria izanen litzateke Nafarroako ikasle guztiek euskara pixka bat jakitea, gutxienez ere A ereduaren bidez. Nafarroako Gobernuak A eredua prestigiatzen eta zabaltzen ahalegindu beharko luke: zerbait balioesteko, lehenik eta behin ezagutu beharra dugulako.

Kohesioa eta bizikidetza hitz potolo bezain esanahiz hutsak dira minorien eta komunitate gutxituen eskubideak egiaz bermatuko dituzten politikak ahalbidetu ezean. Hizkuntzek gizarte eta kultur jarduera guztien osagaiak dira eta, beraz, hizkuntza politika egiten da jarduera guztien bidez.Ez dago beraz arlo honetan jardun neutrorik.