Errespetua euskarari - Respeto al euskara

Parte-hartze prozesua: 
Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana
Arloa: 
BIZIKIDETZA ESPARRUA
Testua: 

Oso deigarria da eztabaidarako dokumentuak "KOHESIOA" hitza izatea azalean eta dokumentuan euskara ez aipatzea.
Euskara da, legez, Nafarroako hizkuntza propioetako bat, eta Nafarroako populazio euskaldunak eta euskaltzaleak beti sentitu du eraso egin diotela erakundeek, eta defendatu egin behar duela. Horrek ez dio batere laguntzen Nafarroaren kohesioari.

-Konfinamenduaren zatirik gogorrena igaro dugu, eta Nafarroako toki gehienetako haurrek ez dute aukerarik izan euskaraz dagoen haurren TBko kanal bakarra, ETB3, ikusteko. Besteak beste, bereziki euskaldunak diren Baztanen eta Sakanan gertatzen da hori. Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak konpondu dezakete hau, baina ez dute borondaterik.

-Kohesiorako oso kaltegarria da, halaber, komunitate euskaldunak eta euskaltzaleak sentitzea Hezkuntza Departamentuak euskararen kontrako jarrera duela. Konfinamenduak ez ditu geldiarazi Departamentu horren asmoak: Mendigorriko guraso gehienen borondateari kontra eginez, herrian ez da D eredua jarri nahi, eta gurasoek salatu dutenez, Hezkuntza Departamentuak mehatxu egin die Jantokirako eta Garraiorako laguntzak kentzearekin, Mendigorrian bertan matrikulatuz gero. Nekez lortuko dugu horrela Nafarroa kohesionatu bat. Eta non gelditzen da horrela ikastetxerik hurbilenean ikasteko eskubidea? Akordio programatikoan dagoena? Non gelditzen da landa eremuko eskola txikien defentsa?

-Kohesiorako onuragarria izanen litzateke Nafarroako ikasle guztiek euskara pixka bat behintzat jakitea, gutxienez ere A ereduaren bidez. Horren ordez, Hezkuntza Departamentuak PAI programa derrigortzen du hainbat eta hainbat herritan, eta Gobernu honek inauguratuko duen lehen ikastetxea PALE eredukoa izanen da.

-Kohesiorako kaltegarria da, orobat, Nafarroako Gobernuaren lan deialdietan alemana, ingelesa eta frantsesaren ezagutza baloratzea Nafarroa osoan eta euskara ez baloratzea ez eremu mistoan, ez "ez-euskaldun" deitutakoan. Ez dago ez araurik ez epairik hori justifikatzen duenik, Nafarroako Kontseiluak esan bezala. Hori iraina da Nafarroako euskaldun eta euskaltzaleentzat. (Hizkuntzak horrela baloratu dituzten 3 lan deialdi argitaratu dira, esaterako, 2020-6-1eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean).