GIZARTE EREDU BERRIKO EZTABAIDAN HIZKUNTZAREN AUZIA
Parte-hartze prozesua:
Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana
Eremu:
GIZARTE EREDU BERRIRAKO AUKERA
Testua:
Nafarroako Gobernuak gizarte eragileekin partekatu nahi duen ariketa honetan hizkuntza gutxituaren elementua eta haren zehar-lerrotasuna kokatzea izango da Kontseiluaren eta Behatokiaren helburua.
Hizkuntza gutxitua dagoen eremu batean, gurean bezalaxe, herritarrei hizkuntza-eskubideak behar bezala aitortzen ez zaizkien, eta ondorioz, urratzen zaizkien lurralde baten etorkizuna ezin da planteatu aldagai hori kontuan hartu gabe. Gogoan izan dezagun hizkuntzaren afera zehar-lerroa dela. Erabaki guztiek eragiten dute hizkuntza-eskubideetan eta erabaki guztiek eragiten dute, beraz, hizkuntza-politikan. Hizkuntzaren eremuan ez dago neutro izaterik, ezer ez egitea ere hautu politikoa delako.
Kontseiluak eta Behatokiak uste dute geroa euskaratik eraiki behar dela, eta, gainera, aukera berriak zabal daitezke gero justuagoa, ekitatiboagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko, baldin eta hizkuntzaren irizpidea zehar-lerro bihurtzen badugu. Gizarteak ez luke ulertuko aukera hau galdu izana eta herritarren eskubideak betikotzeko urratsak egin izana.
Horrexegatik, dokumentua osatze aldera honako ekarpenak egin nahi dizkiogu Nafarroa Suspertu proposamenari
1. MISIOA ETA IKUSPEGIAK
Nafarroa Suspertu 2020-2023 txostenak jasotzen dituen misioei eta ikuspegiei honakoak eranstea proposatzen dugu:
Misioa: Berdintasunerako oinarri berriak. Berdintasun sozialaren eta ekonomikoen artean, gutxitutako hizkuntza-komunitate bat dagoela kontuan hartu beharko da. Era berean, ezberdintasun ekonomikoak handitzen badira, kontuan izan beharko da berezko hizkuntza ikasteko zailtasun ekonomikoak handituko direla.
Ikuspegia: Gizarte erresilienteagoa eta humanoagoaren alde egin beharko dela aipatzen da. Hemen, pertsonekiko gertutasuna oinarri, eskaintzen diren zerbitzuetan hizkuntza-eskubideak bermatzea ere ardatza izan beharko da
2. AGERTOKIA ETA EGOERAREN AZTERKETA
DIAGNOSTOKIA: Bat egiten dugu diagnostiko egokiaren beharrarekin. Horrexegatik, Errealitate Sozialaren Behatokiak ez ezik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere egindako azterketak kontuan hartzeko eskatzen dugu. Pandemia-egoerak agerian utzi du non gertatzen diren eskubide-urraketak eta zer nolako arazoak dituen sistemak herritarren hizkuntza-eskubideei erreparatzeko. Horren berri, Estrasburgora igorri genuen apirilean bertan Basque Language Discrimination Cases izeneko bilduman.
ALDAKETAK:
Bat egiten dugu dokumentuak harreman sozialetan aldaketak gertatu direla esaten duenean. Eta, nola ez, aldaketa horiek mota askotako alderdiei eragin diete: aisialditik eta harreman sozialetik hasita jarduera ekonomikoraino edo eraikuntza ereduetaraino, baina bai eta hizkuntzari ere.
Horrexegatik, dokumentuak planteatzen dituen aldaketetan hizkuntzaren irizpidea kontuan hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Hona hemen adibide batzuk:
Aldaketak komunitatearekiko harremanetan eta lankidetzazko lanaren eta lan boluntarioaren garrantzia. Hizkuntza-normalizazioak herritarren harremanen hobetzea eta bizikidetzarako ikuspegia du.
Aldaketak ingurumenarekiko harremanean eta klima aldaketaren gaineko inpaktua Ingurumenaren zaintzarekin lotutako mezuak herritar guztiek hobeto bereganatzea eta txikienengan kontzientziazio heziketa bultzatzea berezko hizkuntzan.
Aldaketa bizitokien eredu eta motetan: gune ireki pribatuen (terrazak eta balkoiak) eta etxebizitza kolektiboen garrantzia (adibidez, adinekoen egoitzak, ikasleenak…) Kolektibotasun-kontzientziaren aitortzak hizkuntza gutxituekiko aitortzan ere eragin dezake.
Gure bizitzaren on-line bertsio berria sortzea. Teknologia berrien garrantzia, konektibitateari eta horiek eskuratzeari dagokionez, bai eta segurtasun zibernetikoarena ere. Ingurune digitala hizkuntza gutxituan.
Aldaketa kontsumo-ohituretan. Paradoxa bat gertatzen ari da, batetik, tokiko produktua baloratzen delako, baina, aldi berean, saltoki txikien eta tokiko produktuen kontrako mehatxua handiagoa delako on-line salmentagatik. Saltoki txikiek zuzeneko zerbitzuetan hizkuntza-eskubideak bermatzeak zerbitzuaren kalitatean eragina du eta gertutasuna islatzen duen erreklamoa izan daiteke
Aldaketa mugaz gaindiko harremanetan, arlo oso desberdinetan eraginez: mugaz gaindiko langileak, larreak, aisialdia, kontsumoa, turismoa… Barne-turismoaren suspertzeak zein gertuko merkatu potentzialen handitzeak bultza dezakete zerbitzua hizkuntza gutxituan ere bermatzea.
Inpaktu desberdina aldagai desberdinen arabera: generoa, gizarte klasea, adina, jatorria, bizilekua... Bai eta hizkuntza ere.
EGINDAKO JARDUEREN MEMORIA
Txostenean, Nafarroako Gobernuak dio arlo honetan egiten ari den ekintzak oso dinamikoak direla eta koordinatuta daudela estatuan ezarri direnekin.
Horietako batzuetan, bereziki, hizkuntzaren irizpidea nola kudeatu den ezagutzea interesgarritzat jotzen dugu:
Osasun neurriak: Presako osasun neurriak, alarma egoeran hartutakoak: Osasun Sistema
Gizarte babesa: Adinekoen eta aniztasun funtzionala dutenen egoitzak
Zerbitzu publikoen egokitzapena
Hezkuntza: Hizkuntza-arrakala. Ikasturte berriaren antolaketa hizkuntza-beharrei egoki erantzuteko
Herritarren arreta
Kulturaren sektorea
Sektore ekonomikoa: Oinarrizko zerbitzu izendatutakoak
3. HELBURU ESTRATEGIKOAK
Aurretik aipatu ditugun aldagaiak, beharrak eta neurriak kontuan hartuz, planteatzen diren helburu estrategiko guztietan herritarren hizkuntza-eskubideen bermea eta hizkuntza gutxituaren sustapen-neurriak zehar-lerro gisa integratzea proposatzen dugu
.
Eranskinak: