GOBERNANTZA EREDU BERRIRAKO PROPOSAMENA

Parte-hartze prozesua: 
Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana
Arloa: 
GOBERNANTZA
Testua: 

Txostenean Gobernuak berresten du planaren diseinua ongi gobernatzeko beharrezkoa dela Nafarroako gizarte zibila eta erakundeak bere osotasunean engaiatzea. Hartara, ikuspegi partekatua behar dela berresten du.

KONTSEILUAk eta BEHATOKIAk bat egiten dute ideia horrekin, izan ere, ulergaitz litzateke herritarren etorkizunari eragingo dieten erabakietan haien iritzia kontuan hartua ez izatea.

Horretarako, gure ustez euskararen gizarte erakundeen eta administrazioaren arteko lankidetza-paradigmaren aldaketa sakona behar da. Horren karira, egia da, bai, ez direla gutxi, azken boladan, orain arteko gobernantza-ereduaren inguruko kezka agertu duten adituak. Gobernantzaz hainbeste hitz egiten da, baina zer ezkutatzen da kontzeptu horren atzean? Begiratu dezagun Joan Subiratsek ekartzen digun definizioa:

Gobernantza merkatuko aktoreak eta gizarte zibilekoak gobernatzeko ekintzara ekartzean oinarritzen den erregulaziorako, koordinaziorako eta kontrolerako modu espezifikoa da (Subirats 2018)

Globalizazioak eta merkatuak gure bizitzako esparru guztietan sarbidea duten garaiotan, joera horiei aurre egiteko administrazioaren eta gizarte zibil antolatuaren arteko aliantzaren beharraz hitz egiten da han eta hemen. Gobernantza-eredu berriak eztabaidaren erdigunean ditugu beraz, agenda politikoan.

Testuinguru horretan une aproposa i
zan daiteke jauzi berri bat egin eta euskalgintzaren eta gobernuaren arteko egungo gobernantza-paradigma berritzeko.

Ez da inondik inora gure asmoa hemen egungo gobernantza-ereduaren azterketa sakon eta zorrotza egitea. Are gehiago, ez zaigu iruditzen hau denik horretarako lekua eta ez genuke horretarako gaitasunik ere berariazko lanketa sakonik egin gabe. Halere, horren inguruko eztabaida sustatu beharra ikusten dugu.

Horrekin batera, kontuan har dezagun, KONTSEILUAk eta BEHATOKIAk haien sorreratik mahai gaineratu izan dituztela proposamenak politiketan urrats eragingarriak egin ahal izateko. Oraingoan ere, erantzukizunez jokatu nahi izan dugu Gobernuak aurkeztutako proposamenari erabat uztargarria zaion planteamendua eginez. Hartara, espero dezagun, oraingoan, beste batzuetan ez bezala, dokumentuan jasotako elementuak kontuan hartuak izatea. Izan dadila etorkizuneko gobernantza eredugarria lantzeko lehen urratsa.

Eranskinak: