Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoa
PERTSONAK GAITZEKO ETA GIZARTEARI BALIOA EMATEKO PLANA
Erlazionatutako edukiak:
Lanbide Heziketa Garatzeko Europako Zentroko (LHGEZ) datuen arabera, 2020rako prospektibak erakusten du gero eta gehiagotan eskatzen ari direla langile kualifikatuak eta kualifikazio gutxiko langileen beharra, berriz, murriztu dela. Beraz, beharrezkoa da biztanleria aktiboari kualifikazioa ematea, kalitatezko enpleguak lor ditzaten eta, bide batez, ekoizteko eta zerbitzuak emateko sistemaren beharrei erantzutea. Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak (S3) industria eta zerbitzuak handitzea sustatzen du, Lanbide Heziketa, bere arlo guztietan eta bizitza osoan zehar, estrategiaren garapenarekiko eboluzio paraleloan joan dadin eskatzen baitu; horrek, halaber, gero eta gehiagotan eskatzen du langileen kualifikazio ziurtatua.
Hala ere, Nafarroa EB27ren batezbesteko zifratik 23 puntu beherago dago, derrigorrezko eskolatzea bukatu ondoren Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzten ikasleei dagokienez, ikasketa akademikoagoak egiten dituzten ikasleen aldean. Azken urteetan aldaketa handia izan bada ere, oraindik ere Lanbide Heziketako ikasketak bigarren mailako alternatiba gisa hartzen dira gazteen prestakuntzan. Hala ere, Lanbide Heziketak funtsezko zeregina izanen du gazteen garapen pertsonal eta profesionalean eta lagunduko du beharrezkoa den oreka lortzen alde batetik, eskola uztea murrizteko eta, bestetik, unibertsitateko ikasketak baliozko alternatiba bakartzat hartzen dituen gehiegizko joera arrazionalizatzeko. Horregatik, ezinbestekoa da gizartean Lanbide Heziketarekiko sentsibilizazioa lortzea eta ikasketa horiek duintzea.
Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko Lege Organikoan definitutako egungo legezko esparruak Lanbide Heziketan sartzeko berdintasun printzipioan oinarritutako sistema bat ezartzen du, prestakuntza bizitza osoan zehar sustatzen duena, prestakuntza eskaintza guztiak integratuz eta lege horretan finkatu diren helburuak lortzeko baliabideak ezarriz; helburu horiek bat datoz neurri handi batean Europar Batasunak Horizonte 2020 programan Lanbide Heziketarako ezarri zituenekin: Lanbide Heziketaren kalitatea eta garrantzia indartzea, bizitzan zehar etengabeko prestakuntza, ekintzailetza, gaitasunen eta kualifikazioen balidatzea eta lantokian ikastea, Europako hazkunde ekonomikoaren eta kohesio sozialaren eragile nagusi moduan.
Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak Lanbide Heziketaren Plan Estrategikorako prozesuan hasierako prestaketa egin du; bertan planaren gainean interesa duten sektore eta alde guztiek ahalik eta gehien parte-hartzea erraztu nahi izan da. Orain partaidetza publikoaren fasea hasi da, herritar guztiek proposamenari ekarpenak egiteko; xedea da diseinu hori aberastea, ahal den neurrian, horrela beharrei eta lortu nahi diren helburuei erantzuna emateko.
Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoa, 2018ko abuztuaren 29ean Gobernu bilkuran onetsi ondoren, gauzatze eta jarraipena Gobernu Ekintzan egingo zaio.