Nafarroa Suspertu 2020 - 2023 Plana

Erlazionatutako edukiak:
Nazioartean, COVID-19ak eragindako pandemia desafio instituzional, politiko, ekonomiko eta sozial handiena da II. Mundu Gerraz geroztik. Nafarroarentzat eta Espainiarentzat, berriz, handiena Gerra Zibiletik hona.
Koronabirusa gure artean dagoela bizi beharko dugu luzaroan, eta, horrez gain, gure eredu sozial eta ekonomikoa jo du bete-betean, haren ezaugarriak aldatzeraino.
Gauzak horrela, beharrezkoa da botere publikoak egoerara egokitzea eta, gainera, oparotasunerako formula berrien sustatzaile ere bihurtzea. Aurrean dugun eredu berriak aurrekoarekin haustea ekarriko duten erantzunak eskatzen ditu. Aldaketa mamitsuak, iraunkorrak eta berritzaileak behar dira ekonomian nola gizartean. Krisi honen esperientziari esker ikasi egin dugu. Gureganatu dugun jakintza hori baliatu behar dugu modu kolektiboan hazteko, eredu produktibo eta sozial berriak helburu.
Plan bat izan baino lehen, halere, Nafarroako Gobernuak krisian abiatutako ekintzei buruzko memoria bat behar dugu, bai eta COVID-19aren pandemiak izan ditzakeen ondorioen gaineko diagnostiko bat ere.
Europako gure esparru instituzionalean politika publikoak birdiseinatzen hasi dira, oro har, eta prozesu horren urrats bat da pandemiaren ondorioak apaltzeko behar adinako baliabide sanitario eta sozial guztiak abian jartzea. Aldi berean, suspertze ekonomikoari ekiteko finantzabide malguak erabiltzearen aldeko apustua egiten da. Formula horiek orain lotzen ari dira.
Ikuspuntu horretatik, gure autogobernuak dituen baliabide berekiak indartu eta identifikatu behar ditu, Europar Batasunarekin eta Espainiako Gobernuarekin koordinatuta, lehiarako gaitasuna eta aberastasuna sustatzeko. Eta, horri esker, lan egin berdintasun falta eta arrakalak gutxitzeko, pentsatzekoa baita krisi honek areagotuko dituela, soldatena edo lurraldeen artekoa, kasu.
Politika publikoen eredu berri horretan dute oinarri planaren aldez aurreko ohar hauek. Gure helburua da aztertzea zer egoeratan gauden, eta gogoeta egitea ekintza posibleez eta egungo krisitik ateratzeaz, gizarte sendoago eta kohesionatuago baten aurrekari gisa. Kalitatezko ongizate estatu jasangarri bat bermatuko duten zerbitzu publikoekin. Inbertsio publikoak funtsezkoak izanen dira lurralde garapenari begira taxutu beharko den plangintza estrategikorako.
Nafarroan zenbait lurralde estrategia ditugu, eta horien guztien ardatza da inbertsio politikari laguntzea Nafarroak dituen lehentasunak, erronkak eta behar lehenak identifikatuz.
Indarguneak, lehiarako abantailak eta bikaintasunerako ahalmena baliatzen dituzte. Berrikuntza teknologikoa eta praktikan oinarritutakoa babesten dituzte, eta sektore pribatuaren inbertsiorako pizgarria dira. Partaideen inplikazio osoa lortzen dute eta berrikuntza eta esperimentazioa sustatzen dituzte. Ebidentzian oinarritzen dira eta gainbegiratzeko eta ebaluatzeko sistema sendoak sartzen dituzte.
Une honetan, krisialditik ateratzeko bidea adimen kolektibotik, denon konpromisotik eta gizarte zibilaren ekarpenetik planteatzen ari garelarik, erantzunkidetasun eta parte-hartze handiagoak dituen eredu bat finkatzeko desafioa eta aukera dugu; horrekin batera, gainditu egin beharko ditugu tentazio populistak, are autoritarioak ere, une honetan dugun salbuespen egoera dela-eta azaleratzen edo biziagotzen ari direnak.
Gobernantza publikorako eredua berriz pentsatzeko aukera dugu, eta lidergo berrietarantz jotzekoa, beste balio eta jokabide batzuekin. Kalitate demokratikoa eta herritarren parte-hartzea sustatzea.
Izatekotan ere, Gobernu honek 2030 Agendarekin duen konpromisoak indarrean dirau, lehen bezain tinko.
Nafarroa Suspertu 2020 - 2023 Plana 2020ko abuztuaren 1eko Gobernu Bilkuran onetsi zen.
Jarraipena eta gauzatzea Gobernu Ekintzan egingo zaio.