Euskarabidearen Plan Estrategikoa

Nafarroako Gobernuak 2016-2019 aldirako Euskararen I. Plan Estrategikoa onartu zuen Gobernu Bilkuran Akordioaren bitartez 2017ko urtarrilaren 25ean. Herritarrek euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubideari erantzun egokia eman nahi zaio planarekin, eta hori lortzeko beharrezko tresnak definitu eta babesteko, eta garatzeko neurriak hartu nahi izan ditu.

Planak zazpi ardatz estrategiko zerrendatzen ditu: erabilera soziala, hiztun berriak, zerbitzu publikoak, prestigioa eta erakargarritasuna, motor ekonomikoa, hizkuntza-esparrua eta Euskarabidearen barne-kudeaketa.

Lehenengo sei ardatzak hartuta, Plan Estrategikoak sei helburu orokor jasotzen ditu, berariazko 29 helbururekin. Helburu horiek 173 ekintza zehatzetan garatzen dira, 68 esparrutan. Euskarabidearen barne-kudeaketak, bere aldetik, 17 barne-ekintza jasotzen ditu.
 
Plan Estrategiko honek euskarari buruzko eta euskarak Nafarroako gizartean hartzen duen lekuari buruzko paradigma berria proposatzen du. Planaren muina Nafarroako herritarrak dira, hain zuzen ere, gizartea orokorrean. Diagnostikoak agerian utzi du zein diren herritarren beharrak, euskarara iristeko gabeziak daudela eta zenbait esparrutan hizkuntzaren egoera lehenbailehen hobetu beharra dagoela. Horri erantzuteko, eredu berri batean egituratuko da Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politika; beharrezkoa da eredu hori planifikatzea, lehentasunak zein diren adieraziz eta erabilgarri dauden baliabideak kudeatuz.

Erabilera soziala

Honako hauek dira erabilera sozialari dagokion ardatzean planak zerrendatzen dituen helburu eta ekintza nagusiak: euskarazko jardueren eskaintza handitzea, haren erabilera soziala aktibatzeko eta indartzeko; eskolaz kanpoko esparruaren eta aisia antolatuko jardueren eragingarritasuna hobetzea, euskaraz eskolatutako haurren eta nerabeen eta euskaraz ikasi duten gazteen artean euskararen erabilera handitzeko; komunikazioko tresna teknologikoetan euskararen presentzia handitzea, haren erabilera soziala sustatzeko; komunikabideetako euskarazko eskaintza eta gaztelerazko komunikabideetan euskararen presentzia handitzea, gizarteari informazioa euskaraz jasotzeko aukera errazte eta handitze aldera; euskararen presentzia eta erabilera handitzea merkataritzan, zerbitzu profesionaletan eta enpresetan; euskaraz kultura-sorkuntzako produktu eta jardueren eskaintza handitzea, hiztunak hizkuntza horretan bizi duen bizipen estetiko eta emozionala indargarria izan dadin euskararen erabilerarako; euskararen erabilera indartzea hizkuntza horren erabilera-dentsitate handiko espazioetan edo euskal hiztunak nagusi diren udalerrietan, euskarak eremu horietako bizitza sozialaren elementu egituratzailea izaten jarrai dezan, eta Nafarroako euskararen dialektoak eta euskalkiak garatzea eta hedatzea, herritarrek ezagut, balora eta erabil ditzaten.

Prestigio eta erakargarritasunaren eta esparru sozioekonomikoaren bitartez hizkuntzaren bestelako ikuspegia eskaintzea helburu duten ardatzek askotariko ekintzak hartzen dituzte barne; hala nola paisaian eta bizitza sozialean duen presentzia handiagoa sustatzea, hizkuntzari eta erabilera-dentsitate handiko espazioei balioa ematea eta euskararen aukera ekonomikoak eta sektore sozioekonomikoan duen balio erantsia nabarmentzea.

Hizkuntza-esparru izendatutako ardatzak aurreko ardatzak garatzeko eskubideak eta bermeak arautuko ditu, planaren diagnostikoa eta jarraipena egiteko beharrezko azterlanak eta ikerlanak, harreman instituzionalak eta nazioarteko harremanak, eta ekintzak garatzeko baliabide izan daitezkeenak.

Planarekin batera, aginte-taula bat aurkezten da, planaren azken ebaluazioa egiteko balioko duena eta hogei adierazleren deskribapena jasotzen duena. Azkenik, memoria teknikoak zenbatesten du 10.821.346 euroko gastua egin beharko dela 190 ekintzak gauzatzeko; Euskarabideak 2017ko, 2018ko eta 2019ko ekitaldietan inbertituko du kopuru hori.

Hona hemen Plan Estrategikoaren laburpena biltzen duen bideoa.
 

Fitxa

Legealdia: 
2015-2019
Departamentua: 
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentua
Unitate arduraduna: 
Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua
Tipo: 
Plana
Data azken gaurkotzea: 
2017/04/10, Astelehena