Gobernu Irekiaren Plana - Lantzea

Prestatze fasean, Gobernu Irekiaren Planaren lehen zirriborroa idatzi da, diagnostiko fasean egindako galde-sorta, elkarrizketa eta foku taldeen erantzunak kontuan hartuta. Gainera, barnean lan egin da Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiko Gobernu Irekiaren lantalde tekniko arduradunarekin.
 
Lehen zirriborro hori egindakoan, iragarri da apirilaren 27tik maiatzaren 8ra bitartean kontrastatzeko saioak eginen direla diagnostiko fasean parte hartu duten eragile batzuekin, zirriborroaren berri emateko eta horri buruzko ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko. Zehazki, honako hauei egin zaie dei: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari –toki-erakundeen izenean–, Nafarroako Gobernuko departamentuetako informazio publikoaren eta parte-hartzearen unitate arduradunei, herritarren elkarteei eta herritar batzuei, Foru Administrazioko arlo politikoko arduradun batzuei eta departamentuarteko batzordeari. Saio horiek Nafarroako Gobernutik kanpoko pertsona batzuek dinamizatuko dituzte, taldeekin lan egiten adituak direnek, eta saioetan eztabaida sustatzen saiatuko dira.
 
Aldi berean, Contigo-Zurekin kanal bat jarriko da martxan, zeinetan edonork parte hartzen ahalko baitu Gobernu Irekiaren Planaren lehen zirriborroari buruzko proposamenak eta iradokizunak eginez. Hemendik deskarga daiteke.

Fase honetan jasotako ekarpenek “Gobernu Irekiaren I. Plana (2021-2023)” dokumentuaren zirriborroa idazteko balio izanen dute. Zirriborro hori jendaurrean jarriko da hurrengo fasean, iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko 30 eguneko gutxieneko epean, onetsi baino lehen.